Itxi

kultura

Koronabirusa

Bilboko museo handiek ekainean ateak irekitzea espero dute

agentziak | erredakzioa

Arte Ederren museoak eta Guggenheimek ekainaren erdialderako ateak irekita izateko aurreikuspenarekin ari dira lanean, “turismorik ez” dela egongo jakintun.

  • Turistak Guggenheim inguruan. Argazkia: EiTB

    Turistak Guggenheim inguruan. Argazkia: EiTB

Bilboko bi museo handienen arduradunek, Ignacio Vidarte Guggenheimekoak eta Miguel Zugaza Arte Ederren museokoak, espero dute ekainean ateak ireki ahal izatea, koronabirusaren osasun krisia baretzen bada eta maiatzean deseskalatzeari ekiten bazaio.

Bi museoak ekainaren erdialderako museoak irekita egongo diren aurreikuspenarekin ari dira lanean, alarma egoeragatik eta osasun larrialdiagatik martxoaren 14an itxi ostean.

Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren museoko zuzendariak Efe-k egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, jardueraren itzuleran kultura "atzean ez geratzea” espero du, eta “bereziki, museoak martxan jartzea gizarteak normaltasuna berreskura dezan”.

“Horretarako prestatzen ari gara, eta albiste onena izango litzateke udan gure deseskalatze propioari ekitea”, gaineratu du.

Bestalde, Juan Ignacio Vidarte Guggenheim museoaren zuzendariak aitortu du, ekainean irekita ere, “oso ezohikoa” izango dela udako denboraldia, bisitari gutxi izango dituztela, “tutismorik ez” delako egongo.

Vidarteren esanetan, “testuinguru honetan, aurtengo erakusketa guztiak atzeratzen ari gara, eta une honetan itxita ditugun lau erakusketak (Olafur Eliasson daniarrari, Lygia Clark Brasilgo margolariari, Richard Artschweger estatubatuarrari eta William Kendridge bideoartistari eskainitakoak) eta udaberrian protagonista izan behar zirenak, uda amaitu arte luzatuko ditugu, maiatzean edo ekainean itxi beharrean”.

“Eta uda baino lehenago ireki behar genituenak (Lee Kranserri, Kandinskiri eta El Anatsuiri eskainiak) udazkenera atzeratuko genituzte, beraz, 2020ko egitaraua urtaro bat atzeratuko genuke”, argitu du.

Arte Ederren museoa ere ideia berarekin ari da lanean, eta Zugazak zehaztu du Vicente Ameztoy margolari gipuzkoarraren eta Beruete eta Regoyosen erakusketak, udaberrirako zirenak, udara arte luzatuko dituztela, eta gainerakoak udazkena-neguan jarriko dituztela martxan.

“Ahal dugun neurrian museoaren jardueraren nukleoari eusten saiatuko gara, hau da, egitarauari eta zentroko enpleguari”, azpimarratu du Vidartek.

Sigue las recomendaciones ante el coronavirus de las autoridades sanitarias. Frente a las noticias falsas, haz caso solo a fuentes oficiales. Si vives en la CAV y presentas síntomas, llama a tu centro de salud habitual. También el Consejo Sanitario atenderá a las personas en el teléfono 900 20 30 50, ofreciendo información y resolviendo dudas sobre el coronavirus. Si vives en Navarra, llama al teléfono del Consejo Sanitario: 948 290 290. Recuerda, la manera más eficaz para prevenir la propagación del COVID-19 es el lavado de manos. Las mascarillas son recomendables si tienes síntomas o tienes contacto con personas mayores o inmunodeprimidas, así como en el transporte público, aunque su uso no es obligatorio.