Itxi

kultura

Saria

Canovas, Del Burgo eta Berri Txarrak, Vianako Printzearen Sarirako hautagaiak

Agentziak | Erredakzioa

Carlos Canovas argazkilariarentzat, Jaime Ignacio Del Burgo legelari eta politikariarentzat edo Berri Txarrak rock taldearentzat izango da kultura munduko ibilbidea aintzatesten duen golardoa.

  • Berri Txarrak

    Berri Txarrak bere azken kontzertuan, 2019ko azaroaren 23an. Argazkia: Gaizka Peñafiel.

Carlos Canovas argazkilaria, Jaime Ignacio del Burgo legelari eta politikaria eta Berri Txarrak rock taldea dira Kulturako Vianako Printzearen 2020ko Saria irabazteko hautagaiak. Gainera, beste bost hautagai daude “Talentu Artistikoa Sustatzeko Saria” sail berriaren lehen irabazleak izateko: CreArte taldea, Iruñeko Gazte Orkestra, Marta Ramirez Garcia-Mina violinista, Iban Carmona musikaria eta Iker Ibero errealtate birtualarekin lan egiten duen sortzailea.

Carlos Canovas 1951an jaio zen Hellinen (Albacete) baina jaio zen urtetik bertatik bizi da Iruñean, eta Iruñeko Ateneoak aurkeztu du bere hautagaitza. Horien esanetan, bere ibilbideak “profesional ezagun eta miretsia bihurtu du, Nafarroako eta Estatuko museo eta arte erakustokietan erakutsi du bere lana eta horietako askoren bilduma iraunkorra osatzen du”.

Pompaelo Kultura Elkarte eta Sanferminetako Peñak Jaime Ignacio del Burgoren hautagaitza bultzatu du. 1942an Iruñean jaioa, ibilbide luzea du legelari eta politikari gisa, eta hautagaitzak azpimarratzen du “foru zuzenbideari eta Nafarroako historiaren azterketari” emanikoa, hainbat artikulu eta liburu argitaratu eta hitzaldiak eman baititu.  

Berri Txarrak rock taldeak Lekunberri eta Larraungo udalen eta Aralar Udal Musika Eskolaren babesa du, eta hiru erakunde horiek aldarrikatu dute taldeak Nafarroako mugak zeharkatu dituela bere musikarekin. “Gure kulturaren bereizgarri berezkoa den euskara munduko bazter guztietara eraman du eta musikagintzako rock talde garrantzitsuenetako bat izan da”, adierazi dute.

Vianako Printzea Kulturaren Saria Nafarroako Gobernuak deitzen ditu, eta bere helburua da “aintzat hartzea kulturaren edozein arlotan pertsona edo erakunde nabarmenek egindako lana, dela sorkuntzan, ikaskuntzan edo ikerkuntzan, dela kultura hedatu eta sustatzeko lanetan”.

Kultura eta Arte Nafarroako Kontseiluko kideek osatzen duten epaimahaiak proposamenak, berorien merezimenduak eta Nafarroarekiko lotura berezia balioztatuko dituzte, eta irabazlea zein den ebatziko dute.