kultura
81. edizioa
Musika Hamabostaldiak 45 proposamen inguru eskainiko ditu abuztuaren 1etik 29ra
Agentziak | Erredakzioa
COVID-19aren aurretik prestatutako egitaraua ezin izango dute gauzatu, eta London Symphony Orcherstrak hirian eskaintzekoa zuen emanaldia bertan behera utzi behar izan dute, besteak beste.
Koronabirusak eragindako pandemiaren hasieratik aurten 81. edizioa ospatzeko asmoa izan du Donostiako Musika Hamabostaldiak. Hala, abuztuan 45 kontzertu inguru eskainiko dituzte, baina hasierako egitaraua goitik behera aldatu behar izan dute gaur egun bizi dugun egoeragatik. Tokiko interprete ezagunek izango dute presentzia gehien, baina nazioarteko musikagile batzuk ere izango dira hirian, hala nola Grigory Sokolov pianista errusiarra.
Euskal Herriko Gazte Orkestrak abuztuaren 1ean irekiko du aurtengo Musika Hamabostaldi berezi hau. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 45 bat kontzertu eskainiko dituzte abuztuaren 29ra arte. Egun horretan, Marc Minkowskik eta Les Musiciens du Louvre taldeak itxiko dute aurtengo edizioa. Hain zuzen ere, Gipuzkoako hiriburuan izango den beste nazioarteko interprete bakanetako bat da.
Testuinguru horretan, COVID-19aren aurretik prestatutako egitaraua ezin izango dutela gauzatu deitoratu du Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendariak, eta Simon Rattle buru duen London Symphony Orcherstra eta Verdiren Rigoletto lana, besteak beste, bertan behera utzi behar izan dituzte. Dena dela, abuztuaren 1etik 29ra bitartean gauzatuko den jaialdian parte hartuko duten beste izen ezagun batzuk daude.
Kursaal Jauregia, San Telmo Museoa eta Tabakalera kulturgunea izango dira aurtengo edizioaren agertoki nagusiak, betiere haien edukiera % 60ra murriztuta. Horien aurrekontua milioi bat euro baino gehiago jaitsi da iazkoarekin alderatuta (2.550.000 eurotik 1.123.000 eurora), baina horrek ez du esan nahi diru gehiago aurreztuko denik, erakundeak ezin baitu soberakinik izan, babesle publiko eta pribatuentzat izan ezik.
Aurtengo edizioa definitzeko, antolatzaileek "ganbera-musika ekitaldia" izango dela adierazi dute, baina Donostiako jaialdiak ez dio uko egin bere atal sinfonikoari, eta Bilbao Orkestra Sinfonikoa gonbidatu du horretarako Kursaalera, abuztuaren 21ean. Bertan izango dira Erisk Nielsen orkestra horretako zuzendari nagusia eta Javier Perianes Granadako piano-jotzailea, edizio honetako gonbidatu gisa.
Euskadiko Orkestrak, berriz, hiru kontzertu eskainiko ditu agertoki horretan. Hilaren 8an, Corolario obertura eta Beethovenen 3. sinfonia (Heroikoa) joko ditu, Semyon Bychkov errusiarraren zuzendaritzapean.
Bigarren hitzorduan, abuztuaren 15ean, Euskadiko Orkestrak Xabier Anduaga tenorea izango du lagun Rossini, Donizetti, Lara eta Sorozabalen lanak interpretatzeko, Robert Treviño zuzendari titularrak gidatuko duen kontzertuan.
Kursaaleko eskaintza Les Musiciens de Louvre taldearen kontzertuarekin eta Grigory Sokoloven errezitalarekin amaituko da, abuztuaren 16an itzuliko baita Hamabostaldira, 2005, 2007, 2011 eta 2015eko agerraldi arrakastatsuen ostean.
Testuinguru horretan, Musika Hamabostaldiak ziklo guztiak eskaini ahal izango ditu, besteak beste, Antzinako Musika, Organoa eta Garaikidea, baita Arabako eta Gipuzkoako agertoki batzuetara aterako den Hamabostaldi Ibiltaria ere. Horrez gain, dantza ikuskizunak ere eskainiko dituzte, konpainia txikien eskutik, Tabakaleran.
Abesbatzak ere izango dira aurtengo edizioan, baina ez oso ugariak, talde handiak batzeko ezintasunaren aurrean. Donostiako Orfeoiaren kasuan, kide guztiak ez lirateke agertokian sartuko gaur egun indarrean dauden segurtasun neurrien ondorioz.
Alfayaren esanetan, euren asmoa da bi urtean 81. ediziotik bertan behera utzi behar izan dituzten emanaldi gehienak berreskuratzea, hala nola opera eta Yuja Wang pianista txinatarrak eta Gustavo Gimeno zuzendariak Luxenburgoko Orkestrarekin eskaintzekoak zituzten emanaldiak.
"Hasiera batean, datak gordeta daude, eta, ezustekorik ez badago, horrela jarraituko dugu. Beharbada Txekiar Filarmonikoarekin, gauza bera. Gertatzen dena da mundu guztia konpromisoak pilatuz doala, eta ez dakigu denek baietz esan ahal izango duten. Ahaleginduko gara, baina pandemiaren bilakaera ere ikusi beharko da", adierazi du Musika Hamabostaldiko zuzendariak.
Alfayarekin batera, Eneko Goia Donostiako alkateak, Bingen Zupiria Kultura sailburuak, Harkaitz Millan Gipuzkoako Kultura diputatuak eta Pello Irazu eskultoreak hartu dute parte aurtengo edizioaren aurkezpenean.