kultura
Erakusketa
Maria Josefa Huarteren bilduma ikusgai, Bilboko Arte Ederren Museoan
eitb.eus
Erakusketak bihar, uztailaren 15ean, irekiko ditu ateak, eta museoko BBK aretoan izango da urriaren 12ra arte.
Uda honetan, Arte Ederren museoko bisitariek Maria Josefa Huarteren bildumaz gozatu ahalko dute, Nafarroako Unibertsitatea Museoaren eskuzabaltasunari eta Petronorren babesari esker. Gure ingurune kulturaleko bildumagintza pribatuaren adibiderik adierazgarrienetako bat da bilduma hori.
Erakusketak bihar, uztailaren 15ean, irekiko ditu ateak, eta museoko BBK aretoan izango da urriaren 12ra arte.
47 artelanek osatzen dute bilduma –horietatik 40 Bilboko museoan daude ikusgai–, eta, besteak beste, Jorge Oteiza, Pablo Palazuelo eta Antoni Tapies artisten obra-multzo esanguratsuak daude, bai piezen kalitateagatik, bai hiru sortzaileen garapena erakusten dutelako.
Horiez gainera, ospe handiko 19 artistaren lanak daude guztira, hauenak esate baterako: Pablo Picasso, Mark Rothko, Vasili Kandinsky, Eduardo Chillida, Eusebio Sempere eta Manuel Millaresenak.
2008an, bilduma dohaintzan eman zioten Nafarroako Unibertsitateari; horrek eragin zuen erakunde horri erantsitako museoaren sorrera, zeina Rafael Moneo arkitektoak (Tutera, Nafarroa, 1937) diseinatu zuen eta 2015eko urtarrilean inauguratu zen.
Maria Josefa Huarte bilduma
Maria Josefa Huarte Beaumont (Iruñea, 1927-2015) Madrilen kokatutako nafar enpresarien familia batean jaio zen, eta familiaren mezenasgo artistikoak garaiko proposamen berritzaileenetako zenbait bultzatu zituen; Oteizaren Asmo esperimentala, Nueva Forma aldizkaria, Alea taldea edo 1972ko Iruñeko Topaketak, besteak beste.
Maria Josefa Huartek 50eko hamarkadaren hasieran ekin zion bere bildumari, joera abstraktu geometriko eta informalistak lehenetsiz. Bere bildumaren berezitasuna da, haren aitak eta nebek egin zuten bildumaren barnean txertatzen den arren, Maria Josefak bere gustu pertsonalari eta zenbait autore eta formarekiko gustu pertsonalari heldu ziola bere bilduma sortzean; prestakuntza modu autodidaktan jaso zuen, galeria eta artisten estudioetara joanez.
Bilduma (Nafarroako Unibertsitatea Museoa) 19 artistaren ia 50 lanek osatzen dute (margolanak eta eskulturak, batez ere), eta 50 eta 60ko urteetako Espainiako artea berritzeko ekarpena egin zuten proposamen estetiko zenbaiten ikuspegi panoramikoa eskaintzen du; esate baterako, abstrakzio geometrikoa, informalismoa, pintura materikoa eta keinu-pintura edo arte zinetikoa.