Itxi

kultura

Maiatzak 14-16

Euskarazko arte eszenikoak Gasteizen, Zurrunbilo jaialdiaren eskutik

N. V. | EITB Media

Baratza Aretoak jaialdiaren seigarren edizioa egingo du maiatzaren 14tik 16ra: 'Porno vs Afrodita', 'Kabia', Ixiar Rozas & Ibon RG…

  • "Porno vs Afrodita"

    "Porno vs Afrodita" maiatzaren 14an taularatuko dute Baratza Aretoan

Baratza Aretoak Zurrunbilo euskarazko arte eszenikoen jaialdiaren seigarren edizioa hartuko du maiatzaren 14tik 16ra, antolatzaileen esanetan, “euskaraz lan egitearen aldeko apustua egiten duten artista eta konpainiei laguntzeko eta horien sorkuntzak ohiko ikusleei eta, oro har, jakin-mina duten pertsonei hurbiltzeko".

Jaialdiaren programa bost proposamen eszenikok eta hausnarketarako topaketa batek osatzen dute. Ostiralean, maiatzak 14, 19:00etatik aurrera, Baratza Aretoak, jaialdiaren egoitza nagusi gisa, Patricia Urrutia aktoreak sustatutako BenetanBe konpainiaren 'Porno vs Afrodita' ikuskizuna eramango du Gasteizera, “zuzeneko musikaz bustitako komedia zoroa”.

Larunbatean, hilaren 15ean, Jone Bengoa gasteiztar aktoreak 'Kabia' aurkeztuko du, hiriko hainbat artista eta eragileren laguntzarekin sortutako antzerki dokumentala, eta, ondoren, Jon Ander Urrestik 'Tribiz, baserri galdue' antzerki dokumentala eskainiko du.

Maiatzaren 16an, igandearekin, bi proposamenek itxiko dute programa: 'Unisono-a' Ixiar Rozas eta Ibon RGren eskutik egindako irakurketa esperimentalak, eta 'Muskulo'k.

Topaketa

Gainera, proposamen eszenikoez gain, Oihaneder Euskararen Etxeak 'Belaunaldi berriak eta etorkizuna' topaketa hartuko du larunbatean, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 18:30era.

Sarrerak Baratza Aretoaren webgunean eros daitezke dagoeneko. Ikuskizun bakoitzerako sarrerak 7 euroko prezioa du, eta jaialdi osorako bonuak 18 eurokoa.