Itxi

kultura

Sariak

Bertsozale Elkarteak eta Lotura Films ekoiztetxeak jasoko dituzte Elkar sariak

N. V. | EITB Media

Elkarteak egindako ekarpena aintzat hartu, eta Loturari 'Lur eta Amets' film eta telesailaren jarraipen proiektua lantzen lagunduko diote.

  • Iruñeko Bertso Eguna

    Bertsozale Elkartearen lana eta ekarpena azpimarratu dute

Bertsozale Elkartea eta Lotura Films ekoiztetxea dira 2021. urteko Elkar sarien irabazleak, 'Ibilbidea' eta 'Proiektua' kategorietan, hurrenez hurren, arduradunek ostegun honetan eskainitako prentsa agerraldian jakitera eman dutenez.

Elkar Fundazioa 2016an hasi zen sariak banatzen, eta ordutik banatzen ditu Ibilbideari Elkar saria, urtero, eta bi urtean behin, txandaka, Proiektuari Elkar saria eta Joseba Jaka beka.

Horrela, Ibilbideari Elkar saria Bertsozale Elkarteak jasoko du. Euskal kulturaren arloan egindako ekarpena hartzen da kontuan sari hau emateko, eta, nabarmendu dutenez, "agerikoa da Bertsozale Elkarteak urteetan egindako lana eta ekarpena".

Bestalde, Proiektuari Elkar sariko 10.000 euro jasoko ditu Lotura Films ekoiztetxeak, Lur eta Amets filma eta telesailaren jarraipen proiektua lantzeko.

2020an estreinatu zen Lur eta Amets film animatua, eta haren atzetik etorri zen haurrentzako telesaila. Elkarlanean egindako ekimena izan zen, Lotura Films gidari, Ikastolen Elkarteak, Katxiporretak, Elkarrek eta EITBk garatutakoa, hainbat eragilerekin batera.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Kultura