kultura
Musika Hamabostaldia
Euskal sortzaileen lau lan, Tabakalera Dantzan zikloan
Agentziak | EITB Media
Tabakalerak eta Musika Hamabostaldiak Igor x Moreno, Neri(h)ari, Kanpai eta Matxalen Bilbao Danza konpainien lau ikuskizun eskainiko dituzte abuztuaren 6tik 13ra.
-
Neri(h)ari konpainiak "Mutu" ikuskizuna taularatuko du abuztuaren 8an. Argazkia: Nagore Legarreta.
Nazioartean eskarmentua duten lau euskal artistak "beren barne ahotsa" erakutsiko dute Tabakalera Dantzan dantza garaikideko zikloan, Donostiako Musika Hamabostaldiaren programaren barruan.
Tabako fabrika zaharrean, Igor x Moreno, Neri(h)ari, Kanpai eta Matxalen Bilbao Danza konpainiek, denak ere artista gisa garatzeko behin betiko edo behin-behinean atzerrian ezarri behar izan duten dantzariek osatutakoak, ikuskizun bana eskainiko dute.
Igor Urzelai beasaindarrak eta Moreno Solinas italiarrak "Idiot-Syncrasy" eskainiko dute abuztuaren 6an, eta Myriam Perezek "Mutu" aurkeztuko du bi egun geroago NEri(h)ariko beste bi dantzarirekin batera.
Abuztuaren 10ean, Kanpai Natalia de Miguelek eta Jorge Jaureguik sortutako konpainiak behaketa bizitzaren zentzua ulertzeko giltza gisa aldarrikatuko du "Lathe Biósas" lanaren bidez; eta Matxalen Bilbao "historikoak", berriz, "Serenity Suite" lan intimista eskainiko du abuztuaren 13an.
Ikuskizunerako sarrerek 10 euroko prezioa izango dute, eta Iratxe de Arantzibia dantzan aditutako kazetariak hainbat solasaldi gidatuko ditu emanaldi bakoitzaren bezperan eta hilaren 16an eta 22an diziplina hau publikoari gerturatzeko.