kultura
ZINEMA
Ray Liotta aktorea hil da
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Dominikar Errepublikan zegoen bere pelikula berria filmatzen eta bertan zendu da. 67 urte zituen.
-
Ray Liotta 'Goodfellas' filmean.
Ray Liotta aktorea hil da ostegun honetan 67 urterekin, Deadline agerkariak jakinarazi duenez. Dominikar Errepublikan zegoen bere pelikula berria -'Dangerous Waters'- filmatzen eta bertan zendu da, lotan zegoela.
80ko hamarkadan abiatu zuen bere ibilbide profesionala. Hasieran telesailetan aritu zen eta 1983ean pantaila handira egin zuen jauzia.
Alabaina, 1990ean lortu zuen ospea, 'Goodfellas' pelikulan egin zuen paperagatik. Martin Scorsesek zuzendu zuen gangsterrei buruzko filma eta Roberto De Niro, Joe Pesci eta Lorraine Bracco aktoreak izan zituen lankide.
Horrez gain, beste hainbat pelikulatan hartu zuen parte: 'Escape de Absolom', 'Copland', 'Blow' 'Hannibal', 'Narc', 'John Q' edo 'Sin City'.
Halaber, beste hainbat proiektu utzi ditu estrainatu gabe, besteak beste, 'Black Bird', 'Cocaine Bear', 'El Tonto', 'The Substance' eta 'April 29, 1992'.