Itxi

kultura

estreinaldiak

Zer ikusi zineman: asteburu honetako estreinaldiak

eitb media

'Los perdonados', 'Héroes de barrio' edo 'Vortex' dira aste honetako estreinaldien artean.

  • 'Buscando la película (verano 2020)' filmeko fotograma. Argazkia: Instagram @buscandolapelicula

    'Buscando la película (verano 2020)' filmeko fotograma. Argazkia: Instagram @buscandolapelicula

Estreinaldi nabarmenak izango ditugu ikusgai ostiral honetatik aurrera, besteak beste, 'Vortex', Gaspar Noek zahartzaroari buruz egiten duen hausnarketa desberdina eta hunkigarria; 'Héroes de barrio', Angeles Reine cadiztarraren eskutik balioen aldeko apustua egiten duen komedia edota 'Los perdonados', Jessica Chastain eta Ralph Fiennes aktoreekin.

Los perdonados

Lawrence Osborneren eleberri ahaztezinean oinarritutako 'Los perdonados' filmak banantzeko zorian dagoen bikote bat jarraitzen du, David eta Jo Henninger (Ralph Fiennes eta Jessica Chastain). Londrestik Marokora bidaia egingo dute, lagun batzuen etxe sahariarrean luxuzko asteburua igarotzeko. Alkohol gehiegiz lagundutako bazkari baten ostean, ezbeharra gertatzen da.

John Michael McDonagh zinemagile txalotuak idatzitako eta zuzendutako pelikula honek sentsualitatea, trebetasun zinematografikoa eta ezusteko biraketak nahasten ditu, beste garaietako ardurak axolagabetasun modernoarekin drastikoki talka egiten duen Ekialdearen eta Mendebaldearen arteko topaketan.

Héroes de barrio

Angeles Reine zuzendari cadiztarraren bigarren filma balioei buruzko komedia da. Emakumeen futbola atze-oihal gisa baliatuta, nork bere burua gainditzea, laguntasuna, familia eta aitaren maitasuna bezalako gai unibertsalak jorratzen ditu, hesiak eraisteko motore gisa.

Joaquin Betiseko jokalaria aktore lanetan lehen aldiz ikusteaz gain, Antonio Pagudoren interpretazioa ere badakar filmak; negozio kontuetan gaizki dabilen aita, banandu ostean alabaren estimua berreskuratzen saiatzen dena. Luna Fulgenciok egiten du paper hori, haurren futbol talde bateko jokalari gogotsua izango delarik.

Vortex

Gaspar Noek, aurreko sorkuntzekin inor hotz utzi ez duen ohiz kanpoko zinemagileak, 'Vortex' estreinatu du Espainiako zinema aretoetan Filminen eskutik, eta horrek jasoko du ondoren ekoizpena.

Zuzendariak atzean utzi ditu 'Love', 'Climax' edo 'Irreversible' bezalako filmetan erabilitako probokazioa eta esplizitutasuna, adineko bikote baten gainbeherari buruzko drama bati bide emateko. Emakumeak zahartzaroko dementzia dauka eta gizonak gaixotasun koronario bat, eta zuzendari argentinarrak zenbait ikuspuntutatik kontatuko ditu aldi berean, pantailan batera eta lauki formatuan ikusiko direnak.

La fractura

Hogei pelikula baino gehiagoren ostean, Catherine Corsini fre¡antziarra ospitale publiko bateko larrialdi zerbitzuaren anabasan murgilduko da, Frantziako osasun sistemaren saturazioa salatzeko.

Canneseko jaialdian proiektatutako filmak, Queer Palm saria ere jaso duenak, Valeria Bruni-Tedeschik eta Marina Foïsek osatutako bikote boteretsua du protagonista. Larrialdietan amaitzen dute, "txaleko horien" manifestazio batek zanpatuta. Ospitaleak, gainkarga dela eta, ateak ixtea erabakitzen du.

La traición de Huda

Hany Abu-Assad zuzendari eta gidoilari palestinarrak Reemen istorioa dakarkigu, gizon jeloskor batekin ezkonduta dagoen Palestinako ama gazte batena, arabiar-israeldar gatazka oinarri hartuta drama sortzeko.

Huda lagunaren ileapaindegira doa Reem, Belenera, eta ohiko bisita izan beharko lukeena esperientzia ezatsegina bilakatuko da, Reem aulkian konortegabetzen hasten denean: Hudak tranpa ezarri dio eta, konplize baten laguntzarekin, argazki konprometigarriak ateratzen dizkiote xantaia egiteko eta Israelgo zerbitzu sekretuarekin elkarlanean aritu dadin lortzeko.

DC, Liga de Supermascotas

Jadern Sternen eta Sam Levineren eskutik datorkigu marrazki bizidunetako film hau. Bertan, superheroien maskotek botereak konpartitzen dituzte euren jabeekin; baina Superman bahitzen dutenean, haren txakurrak laguntza eskatuko die gainerako maskotei, krimena eteteko eta jabea berreskuratzeko.

Buscando la película (verano 2020)

Enrique Garcia-Vazquezek idatzi eta zuzendutako dokumental honetan, Sofia Corralek, Karu Borgek, Lucia Lobatok eta berak kamera, mikrofonoa, furgoneta eta kanpin-denda hartzen dituzte.

2020ko uda da, langabezian daude, eta mundu mailako pandemia batek krisia suposatzen du euren amets zapuztuentzat. Hala ere, euren pelikularen bila irtetea erabakitzen dute, penintsula osoan zehar egiten duten bidaian, Z belaunaldiak koronabirusak eragindako finantza eta osasun krisia nola bizi izan zuen deskubritzeko.

La furia de la montaña

Tunel baten eraikitze prozesua amaitzear dagoenean, klima aldaketak eragindako hondamendi geologiko segida gertatzen da; lurrikarak, luiziak eta lur-jausiak eragingo dituztenak, eskualde osoa mehatxupean ipiniz. Laok eta haren semeak egoera etsigarriari aurre egiten diote, baina zaila dirudi bizirauteak eta, are gehiago, 160.000 pertsonaren bizia salbatzeak.

Jun Li errealizadore txinatarrak zuzendu du pelikula, eta Yilong Zhu eta Huang Zhizhong ditu protagonista.