kultura
Euskal Autonomia Erkidegoa
293 milioi euro bideratuko ditu Kultura 2028 Plan Estrategikoak 2022 eta 2025 artean
EITB MEDIA
Zeharkako bi konpromiso ezartzen ditu plan horrek: euskararen normalizazioa eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna.
-
293 milioi euro bideratuko ditu Kultura 2028 Plan Estrategikoak 2022 eta 2025 artean
Kultura 2028 Plan Estrategikoa onartu du Eusko Jaurlaritzak gaurko honetan. XII. legealdirako aurreikusitako 16 planetako bat da aipatutakoa, eta asmo du kultura gizartearen erdigunean ezartzea, erakundeen gizarte politiketan garrantzi gehiago emanda.
Era berean, kulturak dakarren dimentsio ekonomikoa nabarmentzen du (16.886 enpresa zeuden EAEko kultur industrian 2020an, eta 31.500 lanpostu). Horregatik, berorren izaera profesionala aintzat hartzea proposatzen du.
Planak hiru ardatz nagusi —sorkuntza, eskaintza eta zabalkundea— eta zeharkako bi konpromiso —euskararen normalizazioa eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna— ditu. Bestalde, auzolanaren aldeko apustua egiten du.
Egitura horretan oinarrituta, lau helburu estrategiko zehaztu ditu Kultura 2028 planak: sorkuntzarako aukerak handitzea, eskaintza kulturala aberastea, ondare kulturala sustatzea eta jauzi digitala indartzea.
Helburu estrategikoak
Gainera, helburu horietako bakoitzak baditu mugarri batzuk ere. Horien artean nabarmentzeko modukoak dira Bilboko Arte Ederren Museoa zabaltzea eta Guggenheim Urdaibai proiektuaren oinarriak zehaztea.
Aurreikuspen ekonomikoa
Lehen aurreikuspen ekonomikoa 2023-2025 denboraldirako da. 2025ean berriz aztertu eta 2026-2028ko aurreikuspena egingo dute. Oraingoz, iragarri dute 293 milioi euro bideratuko dituela Kultura 2028 Plan Estrategikoak 2022 eta 2025 artean.