kultura
Antzerkia
"Bizitza zabaltzeko gaitasuna" duen artea aldarrikatu dute Antzerkiaren Mundu Egunean
EITB Media
Gaur, martxoak 27, Antzerkiaren Mundu Eguna ospatzen da mundu osoan, eta aurtengo manifestua Samiha Ayoub egiptoar aktoreak idatzi du.
Urtero bezala, Antzerkiaren Mundu Eguna ospatuko da gaur, martxoaren 27arekin, mundu zabalean. Samiha Ayoub egiptoar aktoreak idatzi du aurten testua, eta jarraian irakur dezakezue:
Nire lagun guztiei, mundu osoko antzerkilariei:
Antzerkiaren Mundu Egunean idazten dizuet mezu hau eta, zuekin mintzatzeagatik pozez gainezka sentitzen banaiz ere, nire izaeraren zuntz bakoitzak dardara egiten du guk denok –antzerkiko eta antzerkitik kanpoko artistek– munduaren egungo egoera honetan ditugun presio latzengatik eta sentimendu nahasiengatik. Ezegonkortasuna gure mundua pairatzen ari den istilu, gerra eta hondamendi naturalen ondorio zuzena da, eragin suntsitzaileak izan dituztenak alde materialean ez ezik baita alde espiritualean eta gure bake psikologikoan ere.
Gaur, zuekin hizketan ari naizela, sentitzen dut mundua eraldatu egin dela; orain, uharte isolatuak baino ez daudela, edo zerumuga lainotsu batean ihesi doazen ontziak, bakoitzak bere belak zabalik dituelarik, lemazainik gabe nabigatuz zerumugan bidea erakuts diezaiokeen ezer ikusi gabe; eta, hala eta guztiz ere, nabigatzen jarraitzen du portu seguru batera iristeko esperantzarekin, itsaso zakartu baten erdian noraezean ibili ondoren abegi egin diezaion.
Gure mundua inoiz ez da egon gaur bezain estuki konektaturik, baina, aldi berean, inoiz ez da izan gaur egun baino disonanteagoa eta elkarrengandik aldenduagoa. Horretan datza gure mundu garaikideak dakarkigun paradoxa dramatikoa. Nahiz eta konbergentzia denon begien aurrean egon –bai, behintzat, albisteek nola zirkulatzen duten eta komunikazio modernoek muga geografikoetako hesiak nola suntsitu dituzten aintzat hartuz gero–, mundu honek ikusten dituen gatazka eta tentsioek pertzepzio logikoaren mugak gainditu dituzte eta, itxurazko konbergentzia horren erdian, funtsezko dibergentzia bat sortu dute, gizadiaren benetako esentziatik aldentzen gaituena bere formarik sinpleenean.
Antzerkia, bere jatorrizko esentzian, gizakiaren ekintza hutsa da, gizadiaren benetako esentzian oinarritzen dena, hau da, bizitzan. Konstantin Stanislavski aitzindari handiaren hitzetan: «Ez etorri antzokira oinetan lokatza duzula. Utzi hautsa eta zikinkeria kanpoan. Astindu zure kezkak, zure liskarrak, zure zailtasunak, zure soingainekoa, alegia, zure bizitza hondatu eta zure arreta artetik desbideratzen duten gauza guztiak, atarian». Agertokira igotzen garenean, barnean bizitza bat daramagu pertsona batentzat, baina bizitza horrek ahalmen handia du zatitzeko eta ugaltzeko, mundu honetan beste bizitza batzuk barreiatzeko, eta, horrela, biziberritu egiten da, loratu, eta bere lurrina beste batzuenarekin nahastu.
Antzerkigile, zuzendari, aktore, eszenografo, poeta, musikari, koreografo eta teknikariok –gu guztiok salbuespenik gabe– antzerkian egiten duguna da agertokira igo aurretik existitzen ez zen bizitza bat sortzea. Bizitza horrek merezi du eutsiko dion esku maitekor bat, besarkatuko duen bular samur bat, zainduko duen bihotz onbera bat, eta aurrera egiteko arrazoiak emango dizkion adimen zentzudun bat.
Ez naiz esajeratzen ari esaten dudanean agertokian sortzen duguna bizitza bera dela, eta ezerezetik sortzen dugula, ilunpetan diz-diz egiten duen txingar bat bezala, gauaren iluntasuna argituz eta hoztasuna berotuz. Geuk ematen diogu bizitzari bere distira. Geuk haragiztatzen dugu. Geuk egiten dugu kartsu eta esanguratsu, eta geu gara bizitza ulertzeko arrazoiak. Geuk erabiltzen dugu artearen argia ezjakintasunaren eta estremismoaren iluntasunari aurre egiteko. Geuk besarkatzen dugu bizitzaren doktrina, mundu honetan bizitza zabal dadin. Horregatik, gure ahalegina, denbora, izerdia, malkoak, odola eta nerbioak erabiltzen ditugu, egin beharreko guztia egiten dugu mezu zintzo hau ezagutarazteko, egiaren, ontasunaren eta edertasunaren balioak defendatuz, eta bizitzak bizitzea merezi duela sinetsiz.
Gaur zuekin mintzo naiz; ez, baina, berriketan aritzeko, ezta antzerkia –arte guztien ama dena– bere mundu-egunean ospatzeko ere. Aitzitik, gonbidatzen zaituztet gu guztiok elkarturik egotera, eskuz esku eta sorbaldaz sorbalda, eta gure indar guztiekin oihu egitera, antzokietako agertokietan egin ohi dugun bezala, horrela gure hitzek mundu osoaren kontzientzia iratzarri eta bakoitzak bere barnean bila dezan giza esentzia galdua, alegia, gizatasun askea, tolerantea, maitekorra, sinpatikoa, atsegina eta abegikorra. Baztertu ezazue irudi zital hura, basakeriaz, arrazakeriaz, gatazka odoltsuz, aldebakarreko pentsamenduz eta estremismoz osatua. Gizakia milaka urtean ibili da lur honen gainean eta zeru honen azpian, eta aurrera jarraituko du. Beraz, atera ditzagun oinak gerren eta gatazka odoltsuen lokatzetik; utzi ditzagun lazkeriok agertokiko atarian. Agian, gure gizatasuna –zalantzaren lanbro artean dagoena– berriro ere ziurtasun kategoriko bat izango zaigu, harro egon gaitezen denok gizaki izateaz eta gizatasunean senide izateaz.
Eginkizun bat dugu antzerkigileok, lehen aktorea lehen aldiz lehen agertokian aritu zenetik argiaren zuzia daramagunok. Abangoardian egon behar dugu itsusi, odoltsu eta anker denari aurre egiteko orduan. Eder, garbi eta gizatiar denarekin egin behar diogu aurre. Geuk dugu, eta ez beste inork, bizitza zabaltzeko gaitasuna. Zabal dezagun guztiok batera mundu bakar baten eta gizadi bakar baten alde.
Samiha Ayoub
*Asier Larrinaga EITBko Euskara Zerbitzuko buruak euskaratu du testua