kultura
Arte eszenikoak
Euskal antzerkiak 4 Max irabazi ditu, 'Yerma', 'Eta orain zer?', 'Sexberdinak' eta 'Supernormales' lanengatik
EITB Media
Maria Goiricelayak egokitzapen onenaren saria irabazi du, 'Yerma' lanagatik; Pascal Gaignek, konposizio musikal onenarena 'Eta orain zer?' lanagatik; Tanttaka Teatroak, ekoizpen lan onenarena 'Sexberdinak' lanagatik; eta Iñaki Rikartek, eszena zuzendaritza onenarena 'Supernormales' lanagatik.
-
'Yerma', Federico Garcia Lorcaren obraren egokitzapena. Irudia: EITB
Euskal antzerkiak lau sari eskuratu ditu Espainiako Autore eta Editoreen Elkarteak gaur Cadizen banatu dituen Max sarien galan. Maria Goiricelaya Buronek antzerki- edo koreografia-lanaren egokitzapen onenaren saria irabazi du, 'Yerma' lanagatik; Pascal Gaignek (Kukai), ikuskizun eszenikorako musika-konposizio onenarena, 'Eta orain zer?' lanagatik; Tanttaka Teatroak, ekoizpen lanik onena, 'Sexberdinak'ekin; eta Iñaki Rikartek, eszena zuzendaritzarik onena, 'Supernormales' lanarekin.
Bilboko Dramatica Errante konpainia, Ane Pikazak eta Maria Goiricelayak sortua, bost Max saritarako izendatuta zegoen 'Yerma', Federico Garcia Lorcaren obraren egokitzapena, eta 'Altsasu' obrengatik. Bigarrena 2016an Koxka tabernan izandako gertakarietik abiatuta idatzi zuten, "zauriak konpontzeko, barkamenaz, adiskidetzeaz eta bizikidetzaz hitz egiteko". Azkenean, lehenengo lanak bakarrik jaso du saria.
Bestalde, Kukai dantza taldeak Maxekin duen idilioari eutsi dio, 'Eta orain zer?' ikuskizuna saritu baitute, ikuskizun eszenikorako musika konposiziorik onena. Argiztapen diseinu onenaren sarirako ere izendatuta zegoen (David Bernues), baina ez du sari hori eskuratu.
Gorakada konpainiaren 'Zuhaitzak landatzen zituen gizona' obra ere izendatuta zegoen, haur, gazte edo familientzako ikuskizun onenaren atalean; Marta Eguileor, errebelazio egile onenaren atalean, 'Borderland' lanagatik, eta Ikerne Gimenez, espazio eszenikoaren diseinu onenaren atalean, 'El cuaderno de Pitagoras' lanagatik. Horiek, baina, ez dute saririk jaso.
Gainerakoan, SGAE Fundazioak ematen dituen Max Sarien XXVI. edizioa historiako banatuenetakoa izan da. 45 ikuskizunetako bi, 'Runa' dantza ikuskizuna eta 'Cucaracha con paisaje de fondo' antzerki ikuskizuna, izan dira Cadizko Falla antzokian bi sari bereganatu dituzten lan bakarrak.
Sariek hiru kategoria berezi ere izan dituzte. Ohorezko Max saria Tricicle hirukoteari eman diote; izaera sozialeko Max sariak Payasospitalen lana saritu du, eta, lehen aldiz, ikusleen Max txalo zaparrada, Antoine de Saint-Exuperyren istorioan oinarritutako 'El petit princep' familia osoarentzako ikuskizunari egokitu zaio.