kultura
Hitzarmena
Eusko Jaurlaritzak 12 milioi euroko hitzarmena onartu du Gasteizko Principal antzokia berritu eta handitzeko
N. V. | EITB Media
Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak Arabako Foru Aldundiarekin eta Gasteizko Udalarekin sinatutako lankidetza hitzarmena onartu du; 2023-2026 aldirako daude aurreikusita antzokia zaharberritu eta egokitzeko lanak.
-
Principal antzokiaren egungo itxura
Eusko Jaurlaritzak Gasteizko Principal antzokia zaharberritzeko eta handitzeko 12 milioi euroko hitzarmena onartu du gaur, Gobernu Kontseiluan. 12 milioi horien % 40 (4.800.000 euro) Eusko Jaurlaritzak finantzatuko ditu, eta % 30 (3.600.000 euro), Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak. Azken hori arduratuko da proiektua lizitatzeaz, zuzentzeaz eta obrak gauzatzeaz.
Jaurlaritzaren ustez, proiektuak Gasteizko kultura eskaintza handitu eta hobetuko du. "Espazio modernoa, gaitasun eszeniko handiagoa eta irisgarria izateak hiriaren bihotzean kultura biziberritzen lagunduko du, artistentzat, Euskadiko kultura industriarentzat eta euskal gizartearentzat oro har", adierazi du.
Egungo itxura errespetatuta, irisgarritasuna, segurtasuna eta erosotasuna hobetu nahi dituzte lanon bidez. Antzokiaren barrualdea eraitsi egingo dute, eta berriro eraikiko dute, 842 eserlekuko edukierarekin (19, mugikortasun urriko pertsonentzat).
Zaharberritzeko egitasmoak jasotzen duenez, erabilera anitzeko areto bat egokituko dute, eskaintza eszenikoa zabaltzeko formatu txikiko emanaldiak eskaintzeko.