Itxi

kultura

Abuztuak 27

Musika Cristina Eneara eramango du berriz Glad is the Day jaialdiak

N. V. | EITB Media

16 talde eta artistak joko dute abuztuaren 27an Cristina Enea Donostiako parkean, 11:30etik 20:30era: Señor No, Nakar, Euskoprincess…

  • Señor No donostiar taldeak joko du, besteak beste

    Señor No donostiar taldeak joko du, besteak beste

Glad is the Day jaialdiaren zazpigarren edizioa egingo dute abuztuaren 27an, igandearekin, Donostian, Cristina Enea parkean.

Sarrera doakoa dela, 16 talde eta artistak kontzertua emango dute, eta horiekin batera izango dira DJen saioak, piknikak, azoka bat eta haurrentzako jarduerak, 11:30ean hasi eta 20:30ean amaituta.

Agertoki Nagusian, sei taldek aurkeztuko dute beren proposamena: La Ola Maldita donostiarren surf rocka, Kulto Kultibo irundarren rap/reggaea, Nakarren postpunk elektronikoa, Las Ligas Menores argentinarren pop indiea, Tito Ramirezen doinu beroak eta Señor Noren punk rocka.

Hondamen Sonikoa agertokian, berriz, hip-hopari eta soinu urbanoei egingo diete abegia: Suso (Dj), Euskoprincess (Live), Alai (Live), Yxeb3000 (Dj), Kievra (Live), Mutiko, Denso & Tatta (Live), Gazzi (Dj) eta Yugen Kala (Djak) izango dira.

Azokak 50 postu eskainiko ditu, bere izenean Gladys del Estal Guardia Zibilak 1979an Tuteran hil zuen egiar ekintzaile ekologistari keinua egiten dion jaialdian.