Itxi

kultura

EUSKARA

Gaitu, euskarazko milaka ahots biltzea helburu duen kanpaina

EITB MEDIA

Teknologia berriei euskara irakastea da helburua. Horretarako, gaitu.eus atarian sartu eta euren ahotsa grabatzeko deia egin zaie herritarrei.

  • Presentación de la iniciativa Gaitu, esta mañana

    Presentación de la iniciativa Gaitu, esta mañana. Foto: Irekia

Eremu digitalean euskararen presentzia bermatu, teknologia berriei euskara irakatsiz. Horretara dator Gaitu izeneko kanpaina, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak bultzatuta. 

'Batu ditzagun gure ahotsak' lelopean, euskal hiztunei eskatzen zaie gaitu.eus atarian sartzeko eta beren ahotsa grabatzeko. "Zenbat eta ahots eta grabazio gehiago, orduan eta zabalagoa izango da teknologia berriek lantzeko izango duten datu eta materiala", esan dute sustatzaileek.

Donostian aurkeztu dute ekimena gaur goizean, Tabakalera zentroan antolatutako ekitaldi batean. Bertan izan dira Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko bigarren presidenteordea eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria, eta teknologia berriekin eta euskararekin zerikusia duten hainbat eragile, besteak beste, Librezaleak edota Bagera elkarteko kideak.

Zupiriak aipatu duenez, "hizkuntza gutxituak ez daude enpresa teknologiko handien asmoetan" eta "euskara guk geuk sartu behar dugu mundu digitalean". "Makinek gure hizkuntza ulertu eta hitz egin dezaten, lehenago irakatsi egin behar diegu", gehitu du.

Ollok, bere aldetik,  nabarmendu du proiektu hau bat datorrela Euskarabideak azken urteotan euskararen eta teknologia berrien arteko harremanak estutzen laguntzeko egin dituen lan-ildoekin. Bere hitzetan, "sailaren plangintza estrategikoan, hasiera-hasieratik lehentasunezkotzat jo zen informazioaren eta komunikazioaren teknologiak euskararen berezko garapen-nitxo bihurtzea, euskararen eta modernitatearen arteko lotura estutzeko estrategia gisa".

Jarraitu beharreko urratsak:

Gaitu.eus atarian sartuta, plataformak bi eginkizun proposatzen ditu

• Batetik, idatzita dagoen esaldi bat irakurtzeko aukera ematen da, ozenki grabatzen den bitartean. Behin hori eginda, atariak beste esaldi bat proposatuko dio erabiltzaileari eta gauza bera errepika daiteke nahi adina aldiz.

• Beste aukera, beste hiztun batek grabatutako esaldi bat entzun eta hori ontzat ematea da.