kultura
ARTEA
Yoshitomo Nara, Giovanni Anselmo eta Hilma af Klint-en erakusketak Guggenheimen
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bilboko museoak 2024an egingo dituen erakusketen aurkezpena egin du. Aldi baterako bederatzi erakusketa eta museoaren beraren bildumako obren aukeraketa berri bat eskainiko ditu.
-
Guggenheim Bilbao Museoko arte-arduradunek egin dute 2024ko egitarauaren aurkezpena. Argazkia: EFE.
Yoshitomo Nara, Giovanni Anselmo eta Hilma af Klint artisten lanak izango dira ikusgai, besteak beste, 2024an Guggenheim Bilbao Museoan. Ostiral honetan egin duten egitarauaren aurkezpenean zehaztu dutenez aldi baterako bederatzi erakusketa zabalduko dituzte.
Era berean, museoaren beraren bildumako lan berri batzuk jarri dituzte ikusgai; hain zuzen ere, XX. mendearen bigarren erdialdeko historiaren une esanguratsuetako batzuk erakusten dituzten artelanen sorta bat.
Aldi baterako lehen erakusketa otsailaren 9an zabalduko da. Giovanni Anselmori, Arte Povera mugimenduan aritu zen autore italiarrari, eskainitako atzera begirakoa izango da. Artistak berak prestatu zuen erakusketa Bilboko museoarekin batera, joan den abenduan hil zen arte. Egilearen 40 lan baino gehiago erakutsiko dira.
Otsailaren 16atik aurrera, berriz, Lichenstein, Warhol, Josephine Meckseper eta Niki de Saint Phalle artistek Pop Artearen barruan egindako lanak biltzen dituen erakusketa izango da ikusgai. New Yorkeko Guggenheim Bildumako funtsekin egindako sorta izango da.
Hil horretan bertan, otsailaren 22an, Metahaven izeneko artista-bikote holandarraren Kaosaren Teoria instalazioa iritsiko da Film&Video aretora eta martxoan June Crespo artista nafarraren eskulturak aurkeztuko dituzte, tartean, museoko gune baterako bereziki egindako artelan bat.
Udan Martha Jungwirth austriarraren lanak eta Anthony McCallen obra filmikoa jarriko dira ikusgai.
Hala ere, garai honetako erakusketaren esanguratsuena Yoshitomo Nara egilearen atzera begirakoa izango da. Ekainaren 28tik aurrera bisitatu ahal izango da eta artistaren 250 lan baino gehiago erakutsiko dira. Bere belaunaldiko japoniar sortzailerik ezagunenetako bat izan zen Nara. "Neska maitagarri, enigmatiko edo mehatxuzkoen" margolanek egin zuten ezagun.
Udazkenean urteko beste erakusketa handietako bat zabalduko da Guggenheimen. Urriaren 18an, arte abstraktuan aritu zen Hilma af Klint artista suediarraren 200 lan baino gehiago jarriko dira ikusgai. 1862 eta 1944 artean bizi izan zen, baina "azken urteetan egin da ezagun" bere obra.
Azkenik, urteko egitaraua azaroan martxan jarriko den Paul Pfeiffer hawaiarraren erakusketarekin amaitzen da. Pfeiffer aitzindaria izan zen bideoaren erabileran, eta erakusketa honetan ibilbidearen hasieran egindako lanak zein azken aldikoak ikusi ahal izango dira, "argazkigintzaren, instalazioaren eta eskulturaren arteko oztopoak ezabatzen dituzten" lanak hain zuzen ere.