Itxi

kultura

Martxoak 1-23

Loraldiak "munduari begiratzeko modu bat" zabaldu nahi du 10. edizioan

N. V. | EITB Media

28 ikuskizun eskainiko ditu Bilboko jaialdiak martxoaren 1etik 23ra: antzerkia, bertsolaritza, musika, literatura, ikus-entzunezkoak… Tartean izango da, 20 urte geroago, "Zaharregia, txikiegia agian" ikuskizuna, festibalaren leloko aipuaren jatorria.

  • Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal eta Rafa Rueda. Argazkia: David Herranz.

    Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal eta Rafa Rueda. Argazkia: David Herranz.

Loraldia Bilboko jaialdiak 10 urte beteko ditu aurten, eta "euskaratik sortzen den mundua ikusteko begirada propioa" erakutsi nahi du ostera ere, martxoaren 1etik 23ra. 28 ekintza prestatu dituzte gutira: 120 artista jardungo dira, Biboko 13 espaziotan.

"Munduari begiratzeko modu bat" leloa izango du aurten Loraldiak, "Zaharregia, txikiegia agian" Kirmen Uribek, Mikel Urdangarinek, Rafa Ruedak, Bingen Mendizabalek eta Mikel Valverdek duela hogei urte egindako ikuskizun eta diskoa jasotzen den esaldia gogoan, eta, hain zuzen, sortzaileok berriz ere taularatuko dute errepertorio hori, martxoaren 13an, Arriaga antzokian.

Bertsolaritza, teatroa, musika, zinema, dantza eta ikus-entzunezkoak programatuko ditu Loraldiak, artista hauen eskutik, besteak beste: Kirmen Uribe, Jon Sarasua, Lorea Agirre, Miren Narbaiza, Toti Martinez de Lezea, Mikel Urdangarin, Nerea Arrien, Jon Maia, Rafa Rueda, Patxo Telleria… besteak beste. 120 sortzailetik gora, guztira.

Loraldia Festibalak sortzaile gazteen egitaraua ere izango du publikoaren gozagarri, Loraldia Terminala izenburupean: Araitz Katarain, Izaro Bilbao, Iñigo Xalbador, Janire Arrizabalaga, Amaiur Luluaga, Eñaut Zubizarreta...

Festibalerako piezak

Loraldiak produkzio propioak ekoitzi ditu aurten ere, eta jaialdian estreinatuko dituzte: Gorputzaren atzean teatroa, dantza eta ikus-entzunezkoa nahasten dituena, Katixa Agirreren gidoiarekin (martxoak 3, Azkuna Zentroa); Goroldiorik ez. Andreak eraztun berdean mendi ibilaldi kultural gidatua (martxoak 16); Bihar, Atzo, Gaur, Bihar ikuskaria, bertsolaritza, musika eta literatura uztartzen dituena Iban Zalduaren, Ibil Bediren, Miren Artetxeren, Alaia Martinen eta Amaia Agirreren eskutik (martxoak 17).

Horrez gain, musika izango da: Sustraien Matxinada, Gorka Hermosa, Garikoitz Mendizabal, Toti Martinez de Lezea, Nerea Arrien eta Leire Bilbaoren eskutik (martxoak 5, Bidebarrieta), Neomak, Ai gure juaneteak! Patxo Telleriaren proposamen berria, Jean Mixel Bedaxagar, Kantu berri bat gara Jon Maiaren proiektua…

Euskara Bihar berbaldi-saioak ere izango dira, Jon Sarasuak, Xan Airek eta Gartzen Garaio Atxurrak euskarari buruz berbetan entzuteko eta, martxoaren 10en Guggenheimen, Ainara Lasa. Amagoia Gurrutxaga, Idurre Eskisabel. Lorea Agirre, Miren Narbaiza, Miren Amuriza eta Lizar Begoñaren arteko solasaldia.

DadaüLala eta Arma Tiro Pum teatro piezak ere estreinatuko dira Loraldian (martxoak 10, La Fundición), eta ikusi ahalko dira, halaber, Artxibo Biluzia ekintza eszenikoa, Mitologia Txikia Bilaka kolektiboaren ikuskizuna (martxoak 19, Azkuna Zentroa), AMAraun Oihana Iguaranen proposamena eta Bizkarsoro Josu Martinezen film luzea.

Geure(R)a ikuskizunarekin agurtuko dute Loraldia Festibalaren 10. edizioa, martxoaren 23ean, dantza bertikala eta bideo-mappinga uztartzen dituen ikuskizunarekin: "nortzuk dira gaur egun sorginak? nortzuk dira zapaltzen dituztenak?" galderak zabalduko ditu.

Bezperan, martxoaren 22an, talentu berriarentzako espazioa zabalduko du Loraldiak. Tartean, Sarri min ematen du akordatzeak ekitaldian, Ibarrekolandako Batxilergo artistikoko ikasleek Joseba Sarrionandiaren mundu literarioan oinarrituta egin duten ikuskizuna erakutsiko dute.