Itxi

kultura

Heriotza

Akira Toriyama "Dragoi Bola"ren sortzailea zendu da

N. V. | EITB Media

Japoniar "mangaka" martxoaren 1ean hil zen, 68 urte zituela eta, buruko isuri baten ondorioz.  

0:44
Dragoi Bola. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Akira Toriyama "Dragoi Bola" marrazki bizidunen seriaren sortzailea zendu da, 68 urte zituela, hematoma subdural akutu baten ondorioz buruko isuri bat izan zuela eta, Capsule Corporation Tokyo artistaren lanak kudeatzen zituen konpainiak gaur ohar batean iragarri duenez.

"Akira Toriyama mangaka 2024ko martxoaren 1ean hil zen hematoma subdural akutu baten ondorioz. 68 urte zituen. Pena da, lan asko baitzuen egiteko eta hainbat gauza lortu nahian ari zelako oraindik. Hala ere, zendutakoak lan asko utzi ditu eginda", dio oharrak.

Son Goku, 'Dragoi Bola'ko protagonista

Son Goku, 'Dragoi Bola'ko protagonista

Hileta egina dute dagoeneko; heriotzaren berri eman aurretik egin zuten, "gertuko senideak baino ez zeudela" bertan.

Toriyama 1955eko apirilaren 5ean jaio zen, Nagoyan, Japonia erdialdean, eta "Dragoi Bola"k eta "Dr Slump" lanak egin zuten mundu osoan ezagun, besteak beste. Hainbat bideo jokotan ere egin zuen lan, hala nola "Dragon Quest", "Chrono Trigger" eta "Blue Dragon".

"Dragoi Bola" 1990eko otsailen estreinatu zen ETBn, eta Son Gokuren eta haren kideen abenturak fenomeno arrakastatsua izan ziren garai hartako euskal gazteentzat.