kultura
MALAGAKO ZINEMA JAIALDIA
Andrea Jaurrieta iruindarraren 'Nina' filmak Kritikaren Saria jaso du Malagako Zinemaldian
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Epaimahaiak nabarmendu duenez, "filmak modu ausart batean hitz egiten du sexu-abusuei buruz, eta isiltasun konplize eta estaltzaileak salatzen ditu, oso egitura narratibo eta zinematografiko landuarekin, zinema klasikoaren arketipoak berreskuratzen dituen western moderno baten eran".
'Nina' Andrea Jaurrieta zinemagile iruindarraren bigarren filmak Kritikaren Saria jaso du Malagako Zinemaldian. Pelikulak EITBren parte hartzea du.
Laia Portaceli, Moises Rodriguez, Alberto Rey, Matias Rebolledo eta Maria Esther Beltran adituek osatutako epaimahaiak nabarmendu duenez, "filmak modu ausart batean hitz egiten du sexu-abusuei buruz, eta isiltasun konplize eta estaltzaileak salatzen ditu, oso egitura narratibo eta zinematografiko landuarekin, zinema klasikoaren arketipoak berreskuratzen dituen western moderno baten eran".
Filma "zinema erreferentziaz beteta" dagoela ere nabarmendu du epaimahaiak, "zinema klasikoari etengabeko keinuak eginez, zuzendariak elkarrizketa eta eszena indartsuetan bikain islatuta".
Epaimahaiak, halaber, Patricia Lopez Arnaiz, Dario Grandinetti eta Aina Picarolo buru dituen aktore taldearen lan bikaina nabarmandu du, baita Zeltia Montesek konposatutako soinu-banda, irudiak eta muntatze-lana ere.
'Nina' Andrea Jaurrietaren bigarren film luzea da. 6 astez grabatu zuten Mundakan eta Bermeon, eta 2024ko maiatzaren 10ean estreinatuko da zinema-aretoetan.