Itxi

kultura

Saria

Itziar Laka hizkuntzalariak jasoko du Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa saria

N. V. | EITB Media

Euskarari eta elebitasunari buruz egin dituen ikerketen bitartez Euskal Herriko zientzia eta kulturari "ekarpen nabarmena" egin diola azpimarratu du Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Sariaren epaimahaiak.

  • Itziar Laka sariduna

    Itziar Laka sariduna

Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Sariak Itziar Laka Mugarza hizkuntzalariaren ibilbidea goraipatuko du aurtengo edizioan. Hala erabaki du Eusko Ikaskuntzaren eremu geografikoko zazpi unibertsitateetako eta Musikeneko ordezkariek osatu duten epaimahaiak, Eusko Ikaskuntzaren eta Laboral Kutxaren ordezkariekin batera.

Hizkuntzalaritza-teoria, sintaxia, euskal gramatika, psikohizkuntzalaritza, hizkuntzaren neurozientzia kognitiboa eta elebitasuna dira aditu honen ikerketa lerro nagusiak.

Lakak "ekarpen berritzaileak eta pisu handikoak egin ditu euskararen garapenerako eta hizkuntza gaitasunak gobernatzen dituzten mekanismoetan sakontzeko", Eusko Ikaskuntzatik gogora ekarri dutenez: "Eredu handia izan da, gazteen artean ere, euskara goreneko maila zientifikoan jarriz, metodologia berriak baliatuz, punta-puntako ikerketekin landuz, egun berebiziko garrantzia duten alorrak jorratuz", azaldu dute.

Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte saria aurreko astean iragarri zuen Eusko Ikaskuntzak: Garazi Navasek eta Maite Aizpuruak lortu dute aitortza "Adarbakarra eta soinujolea" lan performatiboari esker.