Itxi

kultura

Max sariak

Kulunka konpainiak lau izendapen jaso ditu Max sarietarako

N. V. | EITB Media

"Forever" gipuzkoar konpainiaren ikuskizuna da arte eszenikoen Espainiako sarietarako izendapen gehien jaso dituena. Euskal izendatu gehiago ere badaude: Mar-Mar, Harrobia, Larrua Kukai, María Goiricelaya eta Adriana Bilbao.

  • Max sarietarako izendapen gehien jaso dituen lana da "Forever", Kulunkarena

    Max sarietarako izendapen gehien jaso dituen lana da "Forever", Kulunkarena

Max arte eszenikoen Espainiako sarien antolatzaileek sarietako 27. ediziorako izendatuen zerrenda iragarri dute gaur, astelehenarekin. Uztailaren 1ean banatuko dituzte sariak, Tenerifen.

Hain zuzen ere, Kulunka gipuzkoar konpainia da parte-hartzaile guztietan izendapen gehien jaso dituena, Forever bere lanari esker. Antzerki ikuskizun onenaren, egile onenaren (Iñaki Rikarte, Garbiñe Insausti, Edu Cárcamo eta José Dault), zuzendaritza onenaren (Iñaki Rikarte) eta eszena diseinu onenaren (Ikerne Gimenez, Javier Ruiz de Alegría) ataletan nabarmendu dute Forever.

Maskara antzerkiko lana da Forever, "urruntze baten istorioa". "Umorez eta ironiaz islatzen ditu maitasunaren kontraesanak, eta, horien bidez, fokupean jartzen ditu hainbat gai, hala nola gurasotasuna, heziketa, desgaitasuna, gehiegizko babesa, sexualitatea eta indarkeria", konpainiak azaltzen dutenez.

Bestalde, hiru euskal lanek jaso dituzte bina izendapen: La casa vacía, Larrua konpainiarena (dantza ikuskizun onena eta musika konposizio onena Luis Miguel Coborentzat); Nevenka, Histrión andaluziar konpainiarena (antzerkiko egiletza onena eta eszena zuzendaritza onena, María Goiricelayarentzat); Zarra Adriana Bilbao konpainiarena (dantza ikuskizun onena eta ekoizpen onena).

Gainera, Arrainak bihotzean Mar-Mar konpainiaren ikuskizuna haur eta gazteen ikuskizun onena izateko lehiatuko da, Geure(r)a Harrobia Dantza Bertikala konpainiarena kaleko ikuskizun onenaren atalean eta Yarin Kukai Dantza konpainiarena gizonezko interprete onenaren atalean, Jon Mayaren eta Andrés Marinen lanari esker (ex aequo).