Itxi

kultura

2024/2025

Guridiren zarzuela, "Miñan" antzezlana eta Tennessee Williams euskaraz, Arriagaren denboraldian

N. V. | EITB Media

Calixto Bieitok zuzenduko du "Mari-Eli" zarzuela, eta, horrez gain, "Kristalezko zooa" Tennessee Williamsem antzezlanaren bertsioa eta Beethovenen "Missa Solemnis" kontzertua ere ekoitziko ditu Bilboko antzokiak irailetik ekainerako denboraldian.

  • "Miñan" antzezlana urriaren 24an taularatuko du Artedrama konpainiak Arriagan

    "Miñan" antzezlana urriaren 24an taularatuko du Artedrama konpainiak Arriagan

Arriaga Bilboko udal antzokiak 2024/2025 denboraldian hartuko eta garatuko dituen antzezlanak aletu ditu gaur, Calixto Bieito zuzendari artistikoaren ahotik. Irailaren erdialdean hasiko dira berritasunak Arriagako oholtzan, abuztuaren 14tik irailaren 15era El fantasma de la ópera musikala hartu eta gero.

Ekoizpen propioen artean, hiru lan nabarmenduko dira hurrengo denboraldian: Kristalezko zooa eta El zoo de cristal (lehenik euskaraz estreinatuko da, martxoaren 21ean, eta gero gaztelaniaz); Guridiren Mari-Eli zarzuela, Bieitok berak zuzendua; eta Missa Solemnis Ludwig van Beethovenen kontzertua.

Kristalezko zooa 1944an idatzi zuen Tennessee Williamsek. Natalia Menendez arduratu da zuzendaritza eszenikoaz, eta Kepa Errastik ekarri du testua euskarara. Antzeztaldea berbera izango da bi bertsioetan: Mikel Losada, Ione Irazabal, Miren Gaztañaga eta Arnatz Puertas. Euskaraz estreinatuko da lehenik, 2025eko martxoaren 21etik 23ra, eta, ondoren, gaztelaniaz, apirilaren 3tik 6ra.

Datorren denboraldiko "produkzio liriko handia" Jesus Guridiren Mari-Eli zarzuela izango da: Calixto Bieitok zuzenduko du, eta apirilaren 30ean estreinatuko dute. Horrez gain, Beethovenen Missa Solemnis kontzertu formatuan entzungo da, ekainaren 21ean, denboraldia ixteko. Erik Nielsenek Bilbao Orkestra Sinfonikoa gidatuko du, lau ahots bakarlari lehen lerroan dituen emanaldi batean: Vanessa Goikoetxea, Nerea Berraondo, Michael Porter eta David Menéndez.

Gainera, beste hainbat euskal ekoizpen aurkeztuko ditu Arriagak, hala nola ¿Quién nos disparó? (Pabellón 6, otsailak 13), El dilema del corcho (Tartean Teatroa, urriak 18, Kortxoaren dilemaren itzulpena), Miñan Ibrahima Balderen eta Amets Arzallusen liburuan oinarritutako antzezlana (Artedrama, urriak 24), Presunto (urriak 30) eta El corazón y otros materiales de derribo (azaroak 20).

2025eko urtarrilean, La dramática errante konpainiak Lorerik ez, hiletarik ez, adiorik ez/Ni flores, ni funeral, ni cenizas, ni tantán lana aurkeztuko du, euskaraz (hilaren 23an) zein gaztelaniaz (24an eta 25ean). María Goiricelayaren dramaturgia eta zuzendaritzapean arituko da Ane Pikaza, Aitor Borobia, Loli Astoreka, Patxo Telleria, Egoitz Sanchez eta Idoia Merodiok osatutako antzeztaldea.

Apirilaren 9an, euskaraz, eta 10ean, gaztelaniaz, Mireia Gabilondok idatzi eta zuzendutako proiektu berri bat ikusi ahal izango da: Badakizu plastikozko loreak ez dira inoiz bizi, ezta? eta ¿Sabes que las flores de plástico nunca han vivido, verdad? 

Horrez gain, punta-puntako artista asko igoko dira Arriagako oholtzara: Aitana Sánchez-Gijón, Malena Alterio, David Lorente, Alberto San Juan, José Sacristán, Blanca Portillo, Guillermo Toledo, Alba Flores, Nathalie Poza, Emma Suárez, Juan Diego Botto, Nuria Espert, Vicky Peña, Victoria Abril…

Halaber, irailaren 26tik urriaren 6ra, Carl Orffen Carmina Burana itzuliko da Bilbora, La Fura dels Bausek sortutako kontzertu antzeztua. Beren doinuak ARriagara ekarriko dituzte, halaber, Ruper Ordorikak (urriak 13), Doctor Deseok (urtarrilak 10 eta 11), Joserra Senperena pianistak eta Maite Arurabarrena mezzosopranoak (maiatzak 21).

Musikalei dagokienez, El fantasma de la óperaz gain, bi ikuskizun izango dira Arriagan: Chicago (abenduak 5-29) eta Priscilla, reina del desierto (abenduak 6-9).

Ekainaren 24an jarriko dituzte 2024/2025 denboraldiko ikuskizun guztietarako sarrerak salgai.