Itxi

kultura

Itsasun

Metamorfosia, Errobiko Festibalaren ardatza

N. V. | EITB Media

Ostegunetik igandera, hilaren 18tik 21era, garatuko dute aurten Julen Achiary zuzendari artistikoak prestatu duen programazioa: kontzertuak, dantzaldiak, ikastaroak, solasaldiak…  

  • Ostiralean taularatuko dute "Yarin" dantza emanaldia

    Ostiralean taularatuko dute "Yarin" dantza emanaldia

Hogeita zortzigarren edizioa du Errobiko Festibalak aurtengoa, eta metamorfosi kontzeptuaren ingurukoak, bestelakatzeak, izango ditu ardatz, uztailaren 18tik 21era, ohi bezala, Itsasun.

Lau egunez, solasaldiak (hainbat artistak metamorfosiak hartuko dituzte hizpide), kontzertuak (Hunophones, Lagon Noir eta Ventu Omirumba ostegunean; Parveen & Ilyas Khan, Yeni Gayda eta Naïssam Jalal, ostiralean; eta Aya Metwalli & Yohan Dumas, Sourdurent, Paloma Pradal, Votia eta Ngasa Ngasa larunbatean), dantzaldiak (Yarin Andres Marinen eta Jon Mayaren ikuskizuna, ostiralean), ikastaroak (txalaparta, Georgiako kantua, dantza afro-kubatarra…) eta ibilketa artistikoa (igandean) izango dira.

Gainera, Régis Pochelu zizelkariak interbentzio artistikoa egingo du: metamorfosia interpretatuko du, Artzamendiko hareharri batean.

Jaialdira bertaratzen direnek kanpalekua izango dute, urririk, komun eta dutxekin, eta sarrerak salgai daude. Hiru eguneko txartelak 55 euroan eros daitezke, eta egunekoak 28an; 12 urtetik beherakoak doan sartu ahalko dira.