Itxi

Oscarrak 2024

Oscarrak

Oscarrek dibertsitate irizpideak betetzera behartuko dituzte filmak 2024tik aurrera

Agentziak | Erredakzioa

Betebeharren artean dago protagonistetako batek edo bigarren mailako antzeztaldearen % 30ek gutxiengoak ordekatzea.

  • Oscar saria

    2024ko Oscarretan hautagai izateko, nahitaezkoak izango dira betekizunak. Argazkia: Pixabay.

Oscar sariek errotik aldatuko dute araudia film onenaren sarirako hautagaiei hainbat betekizun betetzea exijitzeko, arraza dibertsitate eta inklusio arloetan, Hollywoodeko Akademiak atzo, asteartearekin, iragarri zuenez.

Inklusio irizpide horiek (Academy Inclusion Standards) ez dituzte 2024ko sariketara arte zorrotz ezarriko, baina 2022kotik aurrera hartuko dituzte kontuan.

Goitik behera bete beharko ez diren betekizun horietako batzuk dira protagonistetako batek gutxiengoak ordezkatzea, bigarren mailako aktore taldearen % 30ek hori egitea edo kameren atzeko lantalde teknikoak ere gutxiengo ehuneko hori betetzea.

2022ko eta 2023ko Oscarretan parte hartuko duten film guztiek zein betekizun bete dituzten azalduko dute fitxa batean, baina 2024ra arte ez da derrigorrezkoa izango.

Hollywoodeko Akademiak zehaztu duenez, proposatutako lau irizpideetako bi bete beharko dituzte gutxienez: pantailako ordezkaritza, lantalde barruko ordezkaritza, ikus-entzunezko industriarako sarbidea eta audientzien sustapena.

Pantailako ordezkaritzaren atalari dagokionez, lanak hiru irizpide bete beharko ditu: protagonistak arraza gutxiengo batekoak izatea, bigarren mailako aktoreen % 30 baino gehiagok gutxiengoak edo presentzia urriko kolektiboak ordezkatzea edo argumentuaren funtsa talde horietako kideen istorioa izatea.

Sortzaileen taldeari dagokionez, hiru betekizun hauek ezarriko dituzte: sortze zuzendaritzako bi postu gutxienez ordezkaritza urriko kolektiboetako kideek betetzea, pertsona horiek beheragoko sei postu betetzea edo, gutxienez, lantalde horietako kideen % 30 talde horietakoak izatea.

Halaber, industriarako sarbidearen arloan, Akademiak eskatuko du bekadunen, ikastunen, zuzendarien eta publizisten artean ere dibertsitate irizpideak aplikatzea.

Arraza gutxiengoen artean Akademiak aipagai ditu “asiarrak, latino/hispanoak, beltz/afroamerikarrak, indigenak, Ekialde Ertaineko pertsonak, hawaitar eta pazifikoarrak eta ordezkaritza urriko beste etnia eta arraza batzuk”.

Pantailan ordezkaritza nahikorik gabeko kolektiboak dira “emakumeak, arraza gutxiengoak, LGTBQ+ kolektiboa edo dibertsitate funtzionaldun pertsonak”.