Itxi

Oscarrak 2024

ZINEMA

Zinema Akademiak gaur jakinaraziko du zein pelikulak ordezkatuko duen Espainia 2024ko Oscar Sarietan

EITB Media

Lehen aukeraketan, "20.000 especies de abejas", "Cerrar los ojos" eta "La sociedad de la nieve" pelikulak hautatu zituzten. Hiruotako bat izango da, beraz, Oscarretarako bidea abiatuko duena.

  • "20.000 especies de abejas"

    "20.000 especies de abejas"

"20.000 especies de abejas" Estibaliz Urresolaren film saritua eta "Cerrar los ojos" Victor Ericek Cannesko zinema jaialdian aurkeztu zuen lana dira Espainiako Zinema Akademiak Oscarretara aurkeztuko duen filma izateko hiru hautagaietako bi. Hirugarrena, "La sociedad de la nieve", Juan Antonio Bayonarena. Gaur jakingo zein pelikulak ordezkatuko duen Espainia 2024ko Oscar Sarietan. 11:00etan egingo du iragarpena Espainiako Zinema Akademiak.

Oscar sariak banatzeko ekitaldia martxoaren 10ean (martxoaren 11ko goizaldea Euskal Herrian) egingo dute, Los Angelesen.

"20.000 especies de abejas" filma Berlinalen aurkeztu zuen Estibaliz Urresola laudioar zinemagileak, eta Sofia Otero protagonistak aktore onenaren Zilarrezko Hartza jaso zuen bertan. Gainera, Malagako zinema jaialdian, film onenaren eta bigarren mailako emakumezko aktore onenaren (Patrica Lopez Arnaiz) sariak bereganatu zituen zortzi urteko haur baten eta haren ingurukoen trantsizioari begiratzen dion film hunkigarri eta argigarriak.

"Cerrar los ojos", berriz, Victor Ericeren fikziozko lehen film luzea da hogeita hamar urtean, eta Cannesko jaialdian aurkeztu zuten, lehiaketatik kanpo. Pelikula bat filmatzen ari dela desagertu den aktore baten (Coronado) istorioa du kontagai "Cerrar los ojos" filmak. Inoiz ez dute haren gorpua aurkituko; 22 urte geroago, telebista saio batek hura gogoratzeko saio bat egingo du, eta antzeztu zituen azken eszenak proiektatuko ditu.

Identitateari eta memoriari buruzko filma da, eta Ericeren artista gustukoen hainbat erreferentzia ditu, hala nola Juan Marse eta Borges idazleenak, baita zenbait autoerreferentzia ere, Ana Torrent aktorearen presentzia esate baterako.

Umea zela, Torrent "El espíritu de la colmena" Ericeren lehen filmean agertu zen, eta gerora kultuzko pelikula bihurtu den lan horrek Urrezko Maskorra irabazi zuen Donostiako Zinemaldian. Hain zuzen ere, irailaren 29an Victor Ericek Donostiako Zinemaldiaren beraren Donostia saria jasoko du, bere ibilbide osoaren goresgarri.

Bi lanek ETBren parte-hartzea dute.