Itxi

Zinema

Mostra

Scarlett Johanssonek lehen txistuak jaso ditu Venezian

'Under the skin' pelikulan egiten duen papera ez da publikoaren gustukoa izan. Sail Ofizialean parte hartu du film horrekin.

  • Scarlett Johansson, Venezian. Argazkia: EFE

    Scarlett Johansson, Venezian. Argazkia: EFE

Scarlett Johansson irribarre gozoarekin heldu da Veneziara, ahots larria jarri eta sedukzio plantak egiten. Baina "Under the skin" pelikulan egiten duen paperak (giza esperientzien bila dabilen estralurtar batena, hain zuzen ere) ez du erantzun positiborik lortu Mostran.

"Ez nuen aurreiritzirik izan papera prestatzeko orduan", adierazi du, baina argi geratu denez, "hasieratik izan nuen edozein ideia ez zen garrantzitsua", gaineratu du, Jonathan Glazerren pelikulan egiten duen paperaren inguruan. Veneziako Mostrako Sail Ofizialean parte hartu du lanak, eta txistuak eta oihuak jaso ditu.

Praka beltzak, mahukarik gabeko blusa eta ilea solte, Johansson beti bezain atsegin eta azaleko agertu da. Egiten duen papera oso zaila da azaltzen eta are gehiago pantailan ulertzen. Emakume baten gorputzean sartzen den estralurtar bat da bertan, eta Eskozian barrena ibiltzen da gizakiei behatzen. Gizonak erakarri eta hiltzea du helburu, sentsazio berriak hartzeko.

"Bi aste inguru behar izan nituen interpretazioaren tonua aurkitzeko", adierazi du Johanssonek. "Gizatasunik gabeko pertsonaiak" erakarri duela aitortu du, gainera. Ez du ezeren asmorik, eta leku batean une konkretu batean egon behar du, besterik ez. Bere burua utzita, "izaki bihurtzen da". "Lost in translation" eta "Match Point" pelikulen protagonistak adierazi du itzali eta piztu egiten den pertsonaia dela hau, elkarrizketa gutxirekin.