Itxi

Zinema

Donostia

'Land of Mine'k zabalduko du Giza Eskubideen XIV. Zinemaldia

Agentziak | Erredakzioa

Danimarkar filmak zabalduko du apirilaren 15etik 17ra ospatuko den donostiar jaialdiaren hamalaugarren edizioa.

  • Apirilaren 15ean emango dute "Land of mine"

    Apirilaren 15ean emango dute "Land of mine"

'Land of Mine' (2015) Martin Zandvlietek zuzendutako film daniarrak inauguratuko du, apirilaren 15ean, Donostiako Udalaren Giza Eskubideen Arloak eta Donostia Kulturak antolatutako Giza Eskubideen Donostiako XIV. Zinemaldia, Victoria Eugenia Antzokian.

Danimarkaren historia garaikideko gertakari bortitzenetako batean oinarritutako lanak gerra bukatutakoan gertatzen denari baina, batez ere, gizateriari buruz hitz egiten du, eta, jaialditik azaldu dutenez, galdera hau egiten dio ikusleari: “nazien terrorea irudikatzen dutenekin gupida senti daiteke?”.

Horrez gain, beste pelikula asko ikusi ahalko dira zinemaldian: 'Der Staat Gegen Fritz Bauer'ek (Lars Kraume, 2015) Adolf Eichmann juduak kontzentrazio esparruetara eramatearren epaitu zutenekoa du kontagai; 'The crossing' (George Kurian, 2015), gerraz eta jazarpenez ihesi Europarako bidaia egiten duen siriar talde baten inguruko lana; eta 'Gente dei bagni' (Stefania Bona eta Francesca Scalisi, 2015), Turingo bainutegi batean batzen diren gizarte maila ezberdinetako hainbat lagunen arteko bizikidetzaz aritzen den filma, besteak beste.

'A haunting history' (Ilse van Velzen eta Femke van Velzen, 2015) pelikulak Hego Sudango gerra zibilari begiratzen dio, abokatu gazte baten istorioaren bidez; eta saharar kultura 'Leyuad, un viaje al pozo de los versos' (Gonzalo Moure, Brahim Chagaf eta Inés G. Aparicio, 2015) flmean ikusiko da.

'Mallory' (Helena Tretíková, 2015), 13 urtez bizibidea ateratzeko txekiar emakume batek eginikoa erakusten duen dokumentala; 'La prenda' (Jean-Cosme Delaloye, 2015), Guatemalan zigorgabetasunari azkena emateko bi emakumek eginiko borrokaren inguruko dokumentala; eta 'Tititá' (Tamás Almási, 2015), Hungariako herri isolatu batean biziagatik gitarrarekin duen grina neurrigabeari bide egin nahi dion ijito gazte baten istorioa, ere aurkeztuko ditu Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldiak.