Zinema
Facuaren ikerketa
Gasteizko, Iruñeko eta Bilboko zinemak, Estatuko garestienen artean
N.V. | eitb.eus
Facua elkarteak eginiko ikerketa baten arabera, hiru euskal hiriburuok batez beste txartel garestienak dituzten Estatuko hamar hiriburuen artean daude. Donostian, merkexeagoak dira sarrerak.
Facua kontsumitzaileen eskubideak babesteko Estatu mailako elkarteak zinema txartelen prezioari buruzko txosten bat egin du. Berorren arabera, Gasteizko, Iruñeko eta Bilboko zinema aretoak Estatuko garestienen artean daude, bai aste barruko emanaldietarako bai asteburukoetarako.
Hain zuzen ere, otsailean 142 zinematan eginiko azterketak erakutsi duenez, lanegunetan 8,30 euro ordaindu behar dira batez beste Gasteizen filmak pantaila handian ikustearen truke, Iruñean 7,90 eta Bilbon 7,87. Donostian, berriz, dezente merkeago da zinemara joatea, 6,50. Astelehenetik ostegunera zinemara joatea Oviedon da garestien Estatuan (8,55 euro), eta Huelvan merkeen (4,95).
Asteburuetan ere, berdin antzean: Gasteizen 8,30 euroan daude sarrerak batez beste; Bilbon 8,17an; eta Iruñean, 7,90ean. Donostian da merkeen asteburuan ere: 7,50 euro. Bartzelonarrek ordaindu behar dute gehien asteburuan Estatuan, 9,38 euro, eta melillarrek gutxien, 5 euro.