Zinema
Estreinaldia
'Lejos del mar' Imanol Uriberen filma irailaren 2an estreinatuko dute
eitb.eus
Donostiako Zinemaldian erakutsi eta urtebetera eta estreinaldiaren data hainbat aldiz aldatu eta gero, filma irailaren 2an helduko da zinema aretoetara.
-
Elena Anaya eta Eduard Fernandez dira filmeko protagonistak
“Lejos del mar” Imanol Uriberen hamalaugarren film luzea irailaren 2an helduko da Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako zinema aretoetara, iazko irailean Donostiako Zinemaldian aurkeztu eta gero.
Elena Anaya eta Eduard Fernandez dira pelikulako protagonistak, eta Santiren istorioa kontatzen du filmak, kartzelatik irten eta gero Emilio adiskidea bisitatzera Almeriara joaten den ETAko preso ohiarena. Kasualitatez, Marinarekin topo egingo du, hori bere adiskidea artatzen ari baita ospitale, eta biek duela urte asko izan zuten eta beren bizitzak markatu dituen topaketa lazgarria berrituko du bat-bateko enkontruak. Iraganari aurre egin beharko diote orduan.
Istorio honekin, Uribek itxitzat eman du Euskal Herriko indarkeriaren gainean egindako trilogia, “Mikelen heriotza”k (1984) abiatu eta “Azken egunak”ek (1994) jarraitu zuena.
El Salvadorren jaiotako zuzendariak, gainera, “Kalebegiak” Donostia 2016k sustatutako ikus-entzunezko proiektuan parte hartu du. Zinemaldian estreinatuko duten lan kolektiboan, 12 zinemagilek hiriaren beren ikuspegia ematen dute, eta Uribek Donostiaren bestaldeari begiratu dio bere lanean, irudi turistiko ohikotik urrun, etxegabeen egoerari begiratuta.