Zinema
Sarrerak, doan
Euskal Zinema Dokumentalaren II. Astea, astelehenetik Gasteizen
Agentziak | Erredazioa
Larunbatera arte, sei film eskainiko dituzte Vital Fundazioa Aretoan, eta emanaldien ostean zuzendariekin solasean aritzeko aukera egongo da.
-
'Pelota II' dokumentala urriaren 6an, osteguna, emango dute
Vital Fundazioak Euskal Zinema Dokumentalaren Astearen bigarren edizioa antolatu du Gasteizen, urriaren 3tik 8ra. Euskadiko profesionalek zuzendutako gai askotako sei dokumental ikusteko aukera izango da Vital Fundazioa Aretoan, eta emanaldien ostean, film bakoitzeko zuzendariekin egingo diren solasaldietan parte hartzeko aukera izango dute ikusleek. Saioak 20:00etan izango dira, eta sarrera dohainik izango da, eserlekuak bete arte.
Aurten, Vital Fundazioak "Mairuelegorreta; iluntasunetik argitasunera" dokumentalaren ekoizpenean parte hartu du, Mairuelegorretako Euskal Jaiaren 50. urteurrena dela eta. Manuel Iradier Txangolari Elkartearekin sinatu duen lankidetza hitzarmenaren bidez, Vital Fundazioak ekoizpen aurrekontuaren % 30 jarri du. Hain zuzen, dokumental honen proiekzioarekin amaituko da zikloa.
Euskal Zinema Dokumentalaren II. Astea urriaren 3an hasiko da, Josu Martinez zuzendariaren "Gure Sor Lekuaren Bila" dokumentalarekin. Urriaren 4an, Pablo Irabururen "Walls (Harresiak)" ikusi ahal izango da, eta biharamunean, urriaren 5ean, Pablo Iraburu, Pablo Tosco eta Jorge Martinez Mayoralen "District zero".
Jorgen Leth eta Olatz Gonzalez zuzendarien "Pelota II" izango da ikusgai urriaren 6an, eta Bego Zubiaren "Sagardoa Bidegile" lanaren txanda izango da hilaren 7an. Azkenik, Euskal Zinema Dokumentalaren II. Astea urriaren 8an amaituko da, Mikel Ezkerroren "Mairuelegorreta; iluntasunetik argitasunera" lanaren emanaldiarekin.