Zinema
21. edizioa
Zinemakumeak Gara emakumeek egindako zinemaren jaialdia, Bilbon
Agentziak | Erredakzioa
Zinemaldia urriaren 17tik 23ra egingo dute, Bilboko BBK Aretoan, eta Nuria Vidal zinema kritikari eta idazlea omenduko dute bertan.
Zinemakumeak Gara emakumeek egindako zinemaren jaialdiaren 21. edizioa gaur, urriak 17, hasiko da Bilbon, BBK Aretoan, dibertsitatearen aldeko apustua eginda, publikoari emakumeek eginiko zinema ekoizpenaren lagin bat erakusteko helburuz.
Jaialdiaren helburua “emakumeek zinema industria eta kulturari eginiko ekarpena ikusaraztea da, eurek eginiko ikus-entzunezko produktuak azalera ateraz”, baita “emakumeak oro har eta emakume gazteak batik bat ikus-entzunezko kulturaren sortzaile gisa bultzatzea” ere, “ahaldundu daitezela erraztuta eta pluraltasun tematiko eta estetikoa zainduta”.
Halaber, “emakumeen begirada erakutsiz diskurtso maskulino hegemonikoa haustea” ere badu xede jaialdiak, antolatzaileek azaldu dutenez, baita "errepresentazio zinematografikorako bide berriak aurkitzea” ere.
AEBtik, Hego Koreatik, Greziatik, Espainiatik eta Irandik heldutako lanak erakutsiko dituzte, besteak beste, Jenny Slate, Pilar Miro, Rokhsareh Ghaem Maghami, July Jung eta Athina Rachel Tsangari zuzendarienak.
Gainera, “Las sinsombrero” dokumentala proiektatuko dute, Espainiako 27ko Belaunaldiko kide izan ziren emakumezko eleberrigile, ilustratzailek, eskultore, pentsalari, margolari eta poeten lanari begiratzen dion lana, "oraindik ere ikusezinak baitira".