Itxi

Zinema

Datu basea

Euskal zinemaren artxiboa, Ganbaran

N. V. | eitb.eus

Zinea Eraikitzen enpresak euskaraz eginiko zinemaren datu basea eraiki du, eta webgune batean denon eskura jarri, Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin.

  • Lander Irazusta, Maialen Goño eta Ritxi Lizartza, Ganbararen lantaldeko kideak

    Lander Irazusta, Maialen Goño eta Ritxi Lizartza, Ganbararen lantaldeko kideak

Ritxi Lizartza Zinea Sortzen enpresako zuzendariak eta Maialen Goñi zinea.eus atariaren kudeatzaileak Ganbara webgunea, “euskarazko zinemaren gordailua”, aurkeztu dute gaur, Donostian.

Euskal zinemaren inguruko informazio osatua (filmen zerrenda, profesionalen aurkibidea, gidoiak, albiste eta kritikak…) duen datu basea da Ganbara, eta doan kontsulta daiteke webgunean.

“Euskal zinemagintzak ez du orain arte artxibategi digitalik izan, eta hutsune horri erantzun bat emateko asmoz abiatu du egitasmoa Zinea Sortzenek”, adierazi du Lizartzak aurkezpenean.

Proiektua garapen-fasean izan da azken hilabeteetan, eta, gaurtik aurrera, martxan da. “Uneotan, 200 film baino gehiagoren, 400 profesional baino gehiagoren eta 50 bat enpresaren fitxak kontsulta daitezke, baita haiekin lotutako dozenaka albiste eta kritika eta zenbait filmen gidoiak ere”, erantsi du Goñik.

Euskaratutako filmak ere bai

Artxiboaren arduradunek proiektua osatzeko asmoa agertu dute aurkezpenean: “Euskaraz bikoiztu eta azpititulatutako filmen fitxak sortuko ditugu pixkanaka, eta horrek euskaraz kontsumitu daitezkeen filmen kopuru erreala jarriko du agerian. Orain arte, 3.500 izenburu biltzea lortu dugu, baina oraindik asko ditugu zerrendara ekartzeko”, azaldu du Goñik.

Euskarazko zinearekin lotutako materialak ere (liburuak, tesiak, ikerketak, kritikak eta aipamenak) eskuragai jarriko dituzte aurrerago.