Zinema
Heriotza
Debbie Reynolds aktorea hil da, 84 urte zituela
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
'Singing in the rain' filmeko protagonista izan zenak iktusa izan du, haren alaba, Carrie Fisher aktorea, hil eta biharamunean.
-
Debbie Reynolds eta Carrie Fisher ama-alabak egun bateko aldearekin hil dira. Argazkia: EFE
Debbie Reynolds aktore estatubatuarra Los Angelesen hil da, 84 urte zituela, iktus batek jota. 1952. urtean arrakastaren aparra ezagutu zuen Singing in the rain filmari esker.
Haren alaba, Carrie Fisher aktorea, hil eta biharamunean zendu da. «Carrierekin egon nahi zuen», adierazi du Todd Fisher semeak Variety hedabideari.
Reynolds Los Angelesen 13:00a zenean ospitaleratu zuten. Antza denez, Todd semearen etxean zegoen, Carrie alabaren hileta prestatzen, eta halako batean ondoezik sentitu zen. Carrie Fisher asteartean hil zen, egun batzuk aurretik bihotzeko arazoak izan ondoren.
Debbie Reynolds 1932ko apirilaren 1ean jaio zen, El Pason (Texas), eta 50 eta 60ko hamarkadetan aktore gisa asko nabarmendu zen, batez ere, Gene Kelly eta Donald O'Connor aktoreekin batera egin zuen Singing in the rain filmari esker.
1964an emakumezko aktore onenaren Oscar sarietarako izendapena jaso zuen The Unsinkable Molly Brown filmagatik.
Guztira, 50 film baino gehiago egin zituen eta telebistan eta antzerkian ere ibilbide oparoa izan zuen.
>