Zinema
Industriaren egoera
Hamaika film ekoitzi dira urtero EAEn, 2010etik 2015era
N.V. | eitb.eus
Ibaia Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekoizpen zinematografikoaren eragin sozioekonomikoa aztertu du, txosten batean.
-
2010etik 2015era arteko datuak jaso ditu Ibaiak txostenean
Ibaia Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteak 2010 eta 2015 artean Euskal Autonomia Erkidegoan eginiko ekoizpen zinematografikoen eraginari begiratu dio, Ikertalde etxeak eginiko txosten batean. Ikerketa garatu ahal izateko, Ibaiako bazkide diren ekoizleekin egin dute lan, eta 70 euskal ekoiztetxe baino gehiagoren datu ekonomikoak aztertu dituzte.
“Euskal enpresen ekoizpen zinematografikoaren jarduerak enpresa sare sendoa du, eta 100 enpresak baino gehiagok osatzen dute”, azaldu du Jose Portelak, Ibaiako lehendakariak, emaitzen aurkezpenean.
“Horrek guztiak urtean 60 milioi euro baino gehiagoko inpaktu globala eragiten du, 27 milioi euro inguruko balio erantsia eta 800 pertsonarentzako enplegua”, gehitu du.
11 film, urtero
Portelak emandako datuen arabera, batez beste, 11 film egiten dira urtero EAEn, horietatik 4 baino gehiago euskaraz. Lan horietatik bederatzi fikziozkoak izaten dira, eta animaziozkoak, bi.
Espainiako Estatuko gainerako lurraldeekin alderatuta, Madrilen, Katalunian eta Andaluzian soilik sortzen dituzte film gehiago urtean.
Hartutakoa baino diru gehiago eman du, zergatan
Datu horiek agerian utzi dutenez, EAEn zinemagintzan aritzen diren enpresek itzulera ekonomiko handiagoa sortzen dute Administrazio Publikoan, horiengandik laguntzen jasotzen dutena baino, eta 2014ko adibidea jarri dute horren erakusgarri. “Orotara, sektoreak 3.893.739 euro jaso zituen laguntzetan, eta 4.494.554 euroko diru sarrerak eragin zituen zergatan. Itzulera positiboa izan zen”, argitu du.
Halaber, sektoreak lurraldean duen eragina ere xehatu dute. “2010etik 2015era egin ziren film luzeen kostuen % 60 euskal enpresa edo profesionaletara bideratu ziren, eta euskarazko filmen kasuan, % 90ekoa izan zen datu hori”, zehaztu dute.
“Zerga pizgarriak”
Hala ere, etorkizunari begira, kezkati agertu dira Ibaiako ordezkariak. “Sektorea arriskuan jartzea ekidingo duten neurriak hartzea beharrezkoa da. Beraz, eskatzen duguna da Euskadiko foru aldundiek beharrezko neurriak hartzea ekoizpen zinematografikoen inbertsioan aplikagarri diren zerga-pizgarriak martxan jartzeko eta sendotzeko. Sektorean sinestea eta konfiantza izatea eskatzen dugu”, nabarmendu dute.