Zinema
Estreinaldia
Pedro Rivero: 'Psiconautas' ez da ez gustagarria ez gehiengoarentzat
Efe | Agentziak
2017ko animaziozko film luze onenaren Goya saria irabazi duen lana, Pedro Rivero bilbotarrak eta Alberto Vazquez galiziarrak zuzendua, ostiralean, otsailak 24, iritsiko da zinema aretoetara.
Pedro Rivero “Psiconautas” animaziozko film luze onenaren Goya saria irabazi zuen zuzendariak esan duenez, Alberto Vazquez galiziarrarekin batera zuzendu duen filma, zeinetan EiTBk parte hartzen baitu, “ez da ez gustagarria ez gehiengoarentzako lana, ez da ‘Ocho apellidos vascos’ lana”. Riverok bere jaioterrian aurkeztu du filma, ostiralean, otsailak 24, zinema aretoetara heldu aurretik.
“Psiconautas, los niños olividados” filmak gizaki formako animalia batzuen bizitokia den uharte baten istorioa kontatzen du: hondamendi batek ingurua suntsitu eta bertako biztanle asko hil eta gero, galera horiei aurre egin beharko diete protagonistek.
Alberto Vazquezek izenburu horrekin kaleratutako komikiaren egokitzapena da filma, baina aldaketa batzuk dakartza; izan ere, eleberri grafikoa zuri-beltzezkoa zen, oso minimalista, eta filmean kolorea sartu dute. Halaber, “flashback” eta digresio batzuk kendu dituzte, komikian ondo funtzionatu arren animazioan kontuz ibili behar baita horrelakoekin, “ikuslea gal ez dadin”.
Riveroren hitzetan, animaliak erabili dituzte “atenporalak direlako, metaforak egiteko oso interesgarriak direlako, baita unibertsaltasun mezua ematen dutelako ere”. Horrez gain, “animaliek animaziozko film klasikoetan duten komikotasuna bihurritzea gustatzen zaigu”, erantsi du.
“Psiconautas”ek buruko bidaiariak esan nahi du, eta drogei buruz hitz egitean erabili ohi da esapidea, beroriekin egiten diren “bidaiak” aipatzeko. Riveroren esanetan, arrazoi bat dago pelikulan erabiltzeko: “pertsonaia guztiak saiatzen dira errealitate gaizto baten zamatik ihes egiten”.
Filma bi ekoiztetxek atera dute aurrera, Zircozine galiziarrak eta Basque Films bilbotarrak. Carlos Juarez euskal ekoizleak azaldu duenez, helburua “kalitatezko zerbait” egitea izan da, “kalitatea eskatzen duen publikoa baitago”, eta eskerrak eman dizkie dirua jarri duten telebista publikoei eta gobernuen laguntzei, “horiek ahalbidetu dutelako kalitatezko zinema egin ahal izatea, zenbat diru bilduko dugun pentsatzen ibili beharrik gabe”.
Otsailaren 24an, ostiralarekin, Espainiako Estatuko hogeita hamar aretotan izango da ikusgai; maiatzean, Frantziako Estatura helduko da, eta irailean, AEBra.