Zinema
Martxoaren 24tik aurrera
‘Harri zopa’ Hegoaldeko lau hiriburuetan ikusi ahalko da euskaraz
Agentziak | Erredakzioa
Kondairak eta mundu osoko neska-mutilen ohiturak jasotzen dituen film laburren sorta da lana, 3 eta 8 urteko umeengan pentsatuta egindakoa.
Zinema Euskaraz Zineuskadi elkarteak sustatzen duen programari esker, "Harri zopa eta beste zenbait alderantzizko ipuin" haurrei zuzendutako pelikula bilduma euskaraz estreinatuko dute martxoaren 24an.
Kondairak eta mundu osoko neska-mutilen ohiturak jasotzen dituen film laburren sorta da, Zineuskadik jakinarazi duenez, eta zinema hauetan ikusi ahalko da, gaurdanik: Principe (Donostia), Gasteiz (Florida), Golem Alhondiga (Bilbo) eta Golem La Morea (Iruñea).
Zinemaren Hontza pertsonaiak "xarmaz, fantasiaz eta umorez apaindutako" bost istorio aurkezten ditu film sorta honetan. Hontza bera da istorio guztien arteko zubi lana egiten duen pertsonaia, eta, orotara, 40 minutu inguruko iraupena dute film laburrek.
"Harri zopa eta beste zenbait alderantzizko ipuin" pelikula bildumak ondorengo istorioak jasotzen ditu: "Ardiak zenbatzera", "Janztearen abentura", "Eskularrua", "Harri zopa" eta "Gailetaren ihesaldia".
“Igelen Erresuma”, apirilaren 7an
"Harri zopa eta beste zenbait alderantzizko ipuin" film sorta estreinatu ostean, apirilaren 7an "Igelen Erresuma" pelikularen txanda izango da. Kontakizunak igelen munduan barneratuko du ikuslea. Igelen olinpiar jokoen atarian, erresuma eta jokoen etorkizuna zalantzan jarriko dute zenbait gaizkilek.