Itxi

Zinema

Dibertsitatea

Gizonezko zuria jaun eta jabe, Hollywoodeko filmetan

Agentziak | Erredakzioa

Hego Kaliforniako Unibertsitatearen ikerketa baten arabera, iazko ehun estatubatuar film arrakastatsuenetan hitz egiten zuten pertsonaia guztien % 31,4 soilik ziren emakumezkoak.

  • 'Moonlight' Oscarraren irabazlea salbuespena izan zen, arrazaren eta sexualitatearen ikuspuntutik

    'Moonlight' Oscarraren irabazlea salbuespena izan zen, arrazaren eta sexualitatearen ikuspuntutik

Gizonezko zuri heterosexualak dira nagusi Hollywoodeko zineman, nola kameren aurrean hala berorien atzean, eta emakumezkoek, arraza gutxiengoek eta LGTB komunitateko ordezkariek protagonismo maila oso apala dute oraindik ere, “Moonlight”en arrakasta gorabehera.

Horixe da Annenberg Hego Kaliforniako Unibertsitatearen (USC) Kazetaritza eta Komunikazio Eskolak gaur argitaratutako ikerketaren ondorio nagusia. Urtero, zinema aretoetan ikusle gehien bildu dituzten ehun estatubatuar filmak aztertzen ditu zentro horrek, dibertsitatearen ikuspegitik.

2016ko datuak zabaldu dituzte orain ikertzaileek, eta, berorietan jasotzen denez, desberdintasuna izan da nagusi ostera ere zinemaren munduko hiriburuan egindako pelikuletan, nahiz eta film onenaren Oscarra irabazi zuen filmeko protagonista afroamerikar homosexual bat den. Hain zuzen ere, “Moonlight”ekoa izan zen, aztertutako ehun filmen artean, LGTB komunitateko protagonista bat zuen istorio bakarra.

2,18 gizon pantailan, emakume bakoitzeko

Sexuari dagokienez, 2016ko filmetan hitza hartzen zuten 4.583 pertsonaien % 31,4 baino ez ziren emakumezkoak.

USCko adituen arabera, “emakume bakoitzeko, ikusleek 2,18 gizonezko ikusi zituzten pantailan”, eta erantsi dute datu horrek apenas egin duela hobera 2007tik, neurtzen hasi zirenetik, % 1,5 soilik igo baita pantailan agertzen diren emakumeen kopurua.

Bestalde, kameraren atzean are handiagoa izan zen aldea; izan ere, 2016ko film arrakastatsuenetako 120 zinemagileetatik (zuzendariordeak ere zenbatuta) bost baino ez ziren emakumezkoak izan.

Halaber, 2016an ere, filmetako pertsonaia gehien-gehienak, % 70,8, zuriak ziren. % 13,6 afroamerikarrak ziren, % 5,7 asiarrak eta % 3,1 latinoak.

Guztira, pertsonaia guztien % 29,2 ziren arraza edo etnia minoritario batekoak, AEBko erroldak erakusten duen proportziotik urrun, nolanahi den: populazio osoaren % 38,7 arraza gutxiengoren batekoa da. Zinemara joaten direnen banaketarekin ere ez dator bat datua, zinema aretoetako publikoaren % 49 ez baita zuria.

Azkenik, 2016an aztertutako pertsonaia guztietatik 51 soilik agertu ziren filmetan LGTB komunitateko kide gisa definituta.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Zinema