Publizitatea
Itxi

2017/11/09

11:04

Zinema

Sexu-erasoak egotzi dizkiote

Ridley Scottek Kevin Spaceyren eszenak kenduko ditu amaituta zuen film batean

Agentziak | Erredakzioa

"All the Money in the World" abenduaren 22an estreinatuko dute, baina hainbat aktorek sexu-jazarpena egotzi diote Spaceyri azken asteotan.

  • Kevin Spacey aktorea. Argazkia: EFE.

    Kevin Spacey aktorea. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Ridley Scott zinemagileak Kevin Spacey aktorearen eszena guztiak kenduko ditu "All the Money in the World" pelikulatik. Christopher Plummer eskarmentu handiko aktoreak egingo ditu Spaceyren eszenak, ondorengo bi asteotan; filma abenduaren 22an da estreinatzekoa.

Spaceyri sexu-jazarpena eta sexu-abusuak egotzi dizkiote hainbat aktorek, zuzendarik eta zinemako langilek azken asteotan, eta horrek arriskuan jar zezakeen film hori estreinatzeko aurreikusita zegoen data. Scottek eta Sony estudioak, baina, ez dute filma estreinatzeko data aldatu nahi, Deadline espezializatutako blogak jakitera eman duenez.

Spaceyk John Paul Getty aberats okituaren papera egin du pelikulan; papera bigarren mailakoa zen, eta pertsonaia ez zen asko agertzen pantailan, baina oso garrantzitsua zen. Plummerrek egingo du orain.

Sony estudioak publizitate-kanpaina handia zuen prest pelikularen harira, Oscar sariei begira; izan ere, Spaceyk aukerak zituen golardo horietan saria eskuratzeko. Variety aldizkariak berriki jakinarazi duenez, baina, plan horiek guztiak bertan behera utzi zituzten aktorearen aurkako akusazioak zabaldu zituztenean.

Mark Whalberg eta Michelle Williams "All the Money in the World" pelikulako protagonistek ere parte hartuko dute eszena berri horiek filmatzeko lanetan. Dena den, blog horrek aipatutako iturrien arabera, oraindik garaiz daude hori egiteko, Gettyren pertsonaia bakarrik agertzen baita eszena askotan.

Astelehenean, filmeko arduradunek erabaki zuten ez zutela Los Angeleseko AFI festibalean estreinatuko (festibal horri amaiera emateko estreinatu nahi zuten bertan). Sony etxeak hartu zuen erabaki hori, ez baitu nahi Spaceyren inguruan sortutako polemikak pelikularen estreinaldia hondatzea, ezta taldeko gainerako kideen lana ere.

Filmean, John Paul Getty handikiaren ilobaren bahiketaren istorioa kontatzen dute, benetan gertatu ziren gertakari batzuetan oinarrituta baitago.

Sexu-erasoa egotzi diote

Spaceyk bi Oscar irabazi ditu, baina haren ibilbidea eta ospea zalantzan daude egun; izan ere, sexu-erasoak egotzi dizkiote azken asteotan hainbat aktorek, zuzendarik eta zinema-langilek.

Anthony Rapp aktoreak 1986an gertatutako sexu-jazarpen batengatik salatu zuen Spacey, duela aste batzuk; ondoren, "House of Cards" serieko zortzi langilek edo langile ohik bat egin dute Rappen akusazioarekin, baita Roberto Cavazos aktore mexikarrak eta Tony Montana zuzendariak ere. "The Usual Suspects" 1995eko filmeko protagonistak, antza, hainbat aldiz eragin ditu sexu-jazarpenak edo sexu-erasoak.

Spaceyk barkamena eskatu zion Rappi, eta "azterketa eta tratamendua" bilatuko dituela nabarmendu zuen. Halere, Netflixek aktorearekin zituen lotura guztiak hautsi zituen, Gore Vidal idazlearen gaineko film baten proiektua bertan behera utzi zuten, eta "House of Cards" seriearen seigarren denboraldia filmatzeko lanak eten ditu eta Spaceyren pertsonaia "hiltzea" aztertzen ari da, aurrera egin ahal izateko.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;