Itxi

Zinema

Jaialdia

Zinegoakek 'ezberdintasunen naturaltasuna' erakutsiko du, 135 jarduerarekin

eitb.eus

Bilboko gaylesbotrans zinema eta arte eszenikoen jaialdia otsailaren 19tik martxoaren 4ra egingo dute, eta Émilie Jouveti emango diote Ohorezko Saria.

1:24

Zinegoak Bilboko gaylesbotrans zinema eta arte eszenikoen jaialdiaren 15. edizioa otsailaren 19tik martxoaren 4ra arte egingo dute aurten, eta "ezberdintasunen naturaltasuna" aldarrikatuko du. Egitarauaren alderik indartsuena lehenengo astean izango da, egun horietan izango baitira lehiatuko diren film guztien lehen emanaldiak. Bigarren astean, emanaldiak errepikatu eta jarduera osagarriak egingo dituzte. Guztira, 135 jarduera eta proiekzio baino gehiago eskainiko ditu jaialdiak.

Jaialdiaren lantaldeak prentsaurrekoa eskaini du astearte honetan, Bilbon, 2018ko edizioaren nobedade eta ezaugarri nagusiak aurkezteko. Pau Guillen zuzendariak azaldu duen moduan, "gure ideia nagusia da ezberdintasunek norbanako egiten gaituztela, eta arau sozialek eta estetikoek ezin dituztela mugatu gure maitatzeko moduak, gure identitatea adierazteko moduak eta gure sexualitateaz gozatzeko moduak".

Programazioari dagokionez, Estatu mailako 22 estreinaldi eta Europa mailako hiru izango dira. Gainera, mundu mailako bi estreinaldi izango dira: "Nove de Novembro", Lázaro Louzaoren lehen lana, galegoz grabatutako lehenengo LGTB pelikula, eta "Enfemme", Alba Barbé i Serra zuzendariarena, "crossdressing" munduaren inguruan.

Horrez gain, jaialdiak bere ohiko atala izango du film laburren arloan (Begiradak), Off atalak izena aldatu eta Narratiba Berriak deituko da, Argitutako Klasiko Ezkutuen zikloa izango da eta Bilgune atalean bi gai nagusi landuko dira: memoria historikoa (Federico Garcia Lorcaren hilketaren ingurukoa) eta "pinkwashing" izeneko kontzeptuaren inguruko eztabaida.

Trailer ZINEGOAK 2018 Trailerra from Festival Zinegoak on Vimeo.