Itxi

Zinema

Hitzarmena

Bilboko Arte Ederren Museoa Euskadiko Filmategiaren egoitza izango da

Agentziak | Erredakzioa

Bilboko museoak Helena Taberna nafar zinemagilearen lanaren gaineko atzera begirako erakusketa eskainiko du, bere izaera berria estreinatzeko.

  • Bilboko Arte Ederretako Museoa

    Bilboko Arte Ederretako Museoa

Bilboko Arte Ederren Museoak eta Euskadiko Filmategiak lankidetza akordioa sinatu dute asteazken honetan, Bilbon, eta, horren bitartez, Filmategiak antolaturiko zinema zikloen egoitzetako bat izango da Bilboko museoa aurrerantzean. Lankidetza aste honetan bertan hasiko da, Helena Taberna zinemagile eta gidoilariari buruzko atzera begirako ziklo batekin.

Zehazki, Bilboko Museoak larunbatero eskainiko ditu saioak, kultura zinematografikoa zabaltzeko asmoz, eta, horretarako, bi eratako lanak emango ditu: euskal ondareari dagozkionak eta zinearen historiako klasikoak. Egitasmoa larunbat honetan jarriko da martxan, urriaren 13an, museoko auditoriumean. Aretoak 208 lagunentzako tokia du, eta duela gutxi zaharberritu da, puntako baliabide teknologikoak erabili ahal izateko.

Helena Tabernak 2000. urtean aurkeztu zuen lehen film luzea, "Yoyes", eta apustu ausarta egin zuen. Ausardiari eutsi zion hurrengo filmetan ere, etorkinen aurpegiei tokia eginez -"Extranjeras" (2003)- eta Gerra Zibilaren garaiko Altsasu erretratatuz -"La buena nueva" (2008)-. 2010eko "Nagore" filma, berriz, aldarrikapen feminista bat da, eta, ondorioz, humanista. Azkenik, "Acantilado" (2016) filman sortzaile gisa izandako kezka nagusietako batzuk bildu zituen.