Zinema
Otsailaren 25era bitartean
Abian da Zinemastea v.2., euskal zinemaren erakusleihoa
Erredakzioa
Karra Elejaldek Gutako bat saria jasoko du eta What about Columbus, Simple graces, 80 egunean eta beste hainbat film emango dituzte Gasteizko jaialdian.
Abian da Gasteizko Zinemastea v.2 jaialdia. Arabako hiriburuan, Karra Elejalderen ibilbidea omenduko dute, ''Gutako bat'' saria emanez. Euskal zinemagileen topagunean, What about Columbus, Simple graces eta 80 egunean filmak ere emango dituzte, besteak beste. Gainera, zinema sozialari buruzko atal bat inauguratuko dute.
What about Columbus dokumentalaren aurrestreinaldiak eman dio hasiera Gasteizko Zinemastea v.2 jaialdiari. Lander Camarero zuzendari bilbotarraren lehendabiziko lana Saint Exupéryren Printze txikian oinarritzen da. Lan horren zati bat hartu eta Euskal Herriko, Peruko eta Indiako zinemagileek film labur bana osatu dute, beren ikuspuntutik. Gero, Camarerok eta bere lan taldeak dokumental bat osatu dute, horien sortze prozesuarekin.
Simple graces Txesma Lasa donostiarraren dokumentala Bartzelonako In-Edit jaialdian estreinatu zuten, eta, Donostiako Dock of the bay jaialdian eman ostean, Zinemastean erakutsiko dute. Delorean taldeak AEBetan eta Kanadan egindako bira erakusten du.
Lan horiez gain, euskal zinemagile berrien zikloa osatzeko, Izarren argia (Mikel Rueda), Estralurtar lurraldea (Ander Elorza), No controles (Borja Cobeaga) eta El idioma imposible (Rodrigo Rodero) lanak emango dituzte.
Joan den urtean, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendariak 80 Egunean filmaren proiektua aurkezten egon ziren Zinemastean. Aurten, berriro itzuliko dira baina oraingoan amaituta dagoen filmari buruz hitz egingo dute.
Gainera, Europako hainbat jaialditan parte hartu duen filma ikusteko aukera ere egongo da zinema sozialari buruzko zikloan. Eskaintza Naufragio (Pedro Aguilera), María y yo (Félix González de Castro) eta Cuidadores (Oskar Tejedor) lanek osatuko dute.
Film laburrei dagokienez, Kimuak ekimenaren 2010eko katalogoa osatzen duten lanak erakutsiko dituzte. Horrez gain, otsailaren 24an Gautxoriaren saioa egingo dute Adiós papá, adiós mamá, Jugando con la muerte, Los 4 McNíkicos, El sobrino, Matagatos eta El cocodrilo Nilo lanekin.
Maru Soloresek (Camera obscura), Gorka Vázquez eta Iván Onekak (El pez de los deseos), eta Antoni Pinentek hitzaldiak emango dituzte jaialdiak iraungo duen egunetan. Mguel Aparicio, Adrian Orr eta Izibene Oñederrak film labur bat egingo dute jaialdia egiten den bitartean, Bat-bateko izeneko ekimenaren baitan, eta otsailaren 25ean erakutsiko dute.
Jaialdiak haurrekin lan egiteko duen xedea bultzatzeko, hainbat ekimen antolatuko dituzte: epaimahai gaztea osatuko dute, ikastaroak antolatuko dituzte, ikastetxeekin lan egingo dute eta proiekzio bereziak egingo dituzte (Midas erregearen altxorra, Lepel, Lotte eta Wynkiren zadia).