Itxi

Zinema

Ekainak 6-9

Pantailetan laster ikusiko duguna, Tuteran

eitb.eus

Lo que Viene zinema eta telesailen jaialdia hartuko du udalerriak asteburuan, eta, besteak beste, 'Ventajas de viajar en tren' filmaren eta hainbat euskal dokumentalen aurrerapenak erakutsiko dituzte.

  • El Drogas, el documental

    'El Drogas, el documental' aurkeztuko dute Tuteran, besteak beste

Tuterak Lo que Viene telebistako eta zinemako ekoizpenen jaialdia hartuko du asteburuan, bigarren urtez. Espainiako Informatzaile Zinematografikoen Elkarteak antolatzen du topagunea.

Jaialdian, denboraldi honetan jakin min handiena piztu duen estreinaldietako baten edukia aurreratuko dute: Ventajas de viajar en tren, Antonio Orejudoren eleberrian oinarrituta Aritz Morenok zuzendu duen filma.

Morenok “thriller konspiranoikoa” ondu du, antzeztaldean lagun izan dituela, besteak beste, Luis Tosar, Pilar Castro, Ernesto Alterio, Quim Gutierrez, Belen Cuesta eta Macarena Garcia.

Gainera, larunbateko jardunaldian, "Nafarroan dokumentalek izan duten gorakada" hartuko dute hizpide, eta horren erakusgarri aurkeztuko dituzte El Drogas, el documental, Natxo Leuzak eta Andres Garcia de la Rivak Enrique Villareal Barricada taldearen sortzaileari buruz egiten ari diren lana; 2 urte, 4 hilabete, Lander Garroren zuzendaritzapean intsumisoek soldaduskaren aurka egindako borroka erakusten duen filma; eta Cholitas, Jaime Murciegok eta Pablo Iraburuk Acongacuarako espedizioa egin behar duten boliviar emakume batzuei buruz sinatutako lana.

Gainera, En el corredor de la muerte Nacho Carretero kazetariak Pablo Ibarren inguruan idatziriko liburua oinarri hartuta Movistar+-ek egin duen telesailaren aurrerapen bat erakutsiko dute.