Zinema
Proiektu berria
Ridley Scott 'Blade Runner' filmaren unibertsora itzuliko da
Erradakzioa
Zuzendari britainiarrak film klasikoan oinarritutako proiektu berri bat zuzentzeko konpromisoa hartu du. 2012ko ekainean Prometheus estreinatuko du.
Ridley Scott zuzendari britainiarrak Blade Runner klasikoan oinarritutako film bat grabatzeko akordioa sinatu du Alcon Enternainment ekoiztetxearekin. Albistea Hollywoodeko Deadline webguneak jakinarazi du.
Harrison Ford protagonista duen filma Do Androids Dream of Electric Sheep? (Philip K. Dick) liburuan oinarrituta dago. Oraindik ez dute proiektu horren xehetasunik eman eta ez dakigu Fordek berak ere parte hartuko duen.
Ridley Scott 2012ko ekainean estreinatuko den Prometheus filma grabatzen ari da egunotan. Film honetan, Charlize Theron, Michael Fassbender eta Noomi Rapace aktoreak dira protagonista.
Blade Runner
1982an estreinatu zuten Blade Runner. Zientzia-fikziozko lan hau 2019ko Los Angeles hirian oinarrituta dago. Gizakiak lan arriskutsuak egiteko sortutako androide batzuen altxamendua kontatzen du. Erreplikante izenaz ezagutzen diren izaki hauen atzetik dabilen Deckard da filmeko protagonista.