Zinema
Zinemak
"Ane" eta "Akelarre" zinemetara bueltan, Goyek bultzatuta
N. V. | EITB Media
Bost eta bederatzi izendapen dituzten filmak ikusgai egongo dira gaurdanik. Gainera, “Caminho longe” Josu Martinez eta Txaber Larreategiren dokumentala ere iritsiko da zinemetara.
-
Patricia Lopez Arnaiz eta Mikel Losada, "Ane" pelikulan
“Ane” eta “Akelarre” euskal filmak, biak ere EITBren parte-hartzea dutenak, ikusgai egongo dira berriz zinema aretoetan. Espainiako Zinema Akademiaren Goya sarietarako jaso dituzten izendapenek –bost “Ane”k eta bederatzi “Akelarre”k– bigarren aukera bat eman diete zinemazaleengana iristeko.
“Ane” Bilbon (Golem Alhondiga); Gasteizen, filmatu zen hirian, (Florida); Donostian (Antiguo Berri); eta, datorren ostiraletik aurrera, Iruñean (Golem Yamaguchi) egongo da ikusgai, baita Madrilen eta Katalunian, Bartzelonan eta Lleidan, ere.
David Perez Sañudo "Ane"ren zuzendariarekin elkarrizketa
David P. Sañudo: "Komunikazioari buruzko tesia proposatzen dugu 'Ane'n"
Pelikula onenaren, zuzendari onenaren (David Perez Sañudo), emakumezko aktore protagonista onenaren (Patricia Lopez Arnaiz), emakumezko aktore berri onenaren (Jone Laspiur) eta gidoi egokitu onenaren (David Perez Sañudo eta Marina Pares) ataletan izango da saria irabazteko hautagai “Ane”, Donostiako Zinemaldian pelikula onenaren Irizar saria irabazi zuen lana.
“Akelarre”, bestalde, Bilbon (Golem Alhondiga), Barakaldon (Yelmo Megapark), Leioan (Artea), Donostian (Antiguo Berri), Gasteizen (Boulevard, Gorbeia), Iruñean (Golem Yamaguchi) eta Uharten (Itaroa) egongo da ikusgai, baita Madrilen eta Bartzelonan ere.
Pablo Aguero "Akelarre"ren zuzendariarekin elkarrizketa
"Jendeak 'Akelarre' bere borroketarako tresna gisa erabiltzea nahiko nuke"
Sail hauetan goraipatu dute “Akelarre” Goya sarietarako: emakumezko aktore protagonista (Amaia Aberasturi), jatorrizko musika (Aránzazu Calleja eta Maite Arroitajauregi Mursego), ekoizpen zuzendaritza (Guadalupe Balaguer), argazkilaritza zuzendaritza (Javier Agirre), zuzendaritza artistikoa (Mikel Serrano), jantzien diseinua (Nerea Torrijos), makillajea eta ile apainketa (Beata Wotjowicz, Ricardo Molina), soinua (Urko Garai, Josefina Rodriguez, Frédéric Hamelin, Leandro de Loredo) eta efektu bereziak (Mariano García Marty, Ana Rubio).
“Caminho longe”
Gainera, beste euskal ekoizpen bat, “Caminho longe” Josu Martinez eta Txaber Larreategiren dokumentala ere egongo da ikusgai, gaurdanik, euskal zinema aretoetan: Bilbon (Multis), Donostian (Trueba), Gasteizen (Florida) eta Iruñean (Golem-Yamaguchi). Eta Bartzelonan (Sants-Zumzeig) ere proiektatuko dute.
Alfonso Etxegarai ETAko kide ohiak etxera bueltan egindako bidea du kontagai filmak, hainbat hamarkadan Sao Tome eta Principe uharte-estatu afrikarrean erbesteratuta egon ondoren, Frantziak eta Espainiak deportatu egin baitzuten 1986an. Kristiane Etxaluze adiskide nekaezinarekin egingo du bidaia.