Itxi

Zinema

Zinema jaialdiak

"Hive" eta "Coda" nabarmendu dituzte Sundanceko jaialdi guztiz digitalean

N. V. | EITB Media

Dokumentalen sailean, “Flee” eta “Summer of Soul” saritu dituzte epaimahaiak eta publikoak.

  • "Hive"

    "Hive"k nazioarteko sailaren epaimahaiaren saria, ikusleena eta zuzendari onenarena irabazi ditu

Sundanceko jaialdiak (Park City, AEB) 2021eko edizioko palmaresa iragarri du gaur, asteartearekin. Koronabirusaren ondorioz, erabat digitala izan da aurtengo jaialdia, inoiz lehenengoz.

Zinema independentearen hitzordu nagusiaren antolatzaileek goitik behera berrasmatu dute jaialdia: ohi baino film gutxiagoren proiekzioak egin dituzte, on line, eta “Hive” Kosovoren, Suitzaren, Ipar Mazedoniaren eta Albaniaren arteko koprodukzioak nagusitu da nabarmen nazioarteko sailean.

Blerta Basholli kosovar zuzendariaren filmak hiru sari erdietsi ditu: nazioarteko sailaren epaimahaiaren saria, ikusleena eta zuzendari onenarena.

“Hive” Kosovoko gerran barneratzen da, bere senarraren inguruko berririk ez duen emakume bati jarraika. Inguruko kontserbatismoari aurre egingo dio, aurrera egin eta bere bizitzaren kontrola hartzeko, eta beste emakume batzuk ere bultzatuko ditu bide horretan protagonistak.

Beste europar koprodukzio batek, “Flee”k (Danimarka, Suedia, Norvegia eta Frantzia), nazioarteko dokumental onenaren saria irabazi du. Animaziozko lana Amin Danimarkan bizi den afganiar errefuxiatuari buruzkoa da; Akademiko nabarmena da, baina mutil lagunarekin ezkondutakoan hilko duten beldur izaten hasiko da.

AEB

Estatu Batuetako ekoizpenei dagokienez, “Coda” guraso gorrak dituen alaba musikazale bati buruzko filmak jaso ditu epaimahaiaren eta publikoaren sariak.

“Summer of Soul” dokumentalak ere bi sariak, epaimahaiarena eta publikoarena, irabazi ditu Harlem Cultural Festival jaialdiari egiten dion errepasoari esker. 1969an, Woodstockeko jaialdi mitikoa ospatu zen urte berean, 300.000 lagunek afroamerikar kultura ohoratzeko egin zuten topaketa izan zen hori.

“Jaialdi berezia izan da, une berezian”, adierazi du Keri Putnam Sundanceko zuzendari exekutiboak.