Zinema
Estreinaldia
'Vickie Bikingoa eta Jainkoen Altxorra', Zinema Euskarazen eskutik
Erredakzioa
Jaurlaritzak sustatutako programak 2011n estreinatuko duen zortzigarren filma da.
-
'Vickie Bikingoa eta Jainkoen Altxorra' zinema aretoetara iritsiko da ostiralean.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak sustatu duen Zinema Euskaraz programak 'Vickie Bikingoa eta Jainkoen Altxorra' filma estreinatuko du ostiralean. Egitasmo honek herritarrei zinema euskaraz eskaintzeko helburua du.
Bilboko Multis, Errenteriako Niessen, Gasteizko Florida eta Durangoko Zugaza zinema aretoetan erakutsiko dute filma. Azken horretan eskainita, gainera, Zinema Euskaraz egitasmoak Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokarekin bat egingo du.
Estreinaldi hau Jaurlaritzak 2011n egingo duen zortzigarrena izango da. Horrekin batera, Elkar dendetan eros daitezkeen euskarazko sei film eta EITBn eta Kulturkliken streaming bidez ikus daitezkeen 30 film bideratu ditu programa honek.
Lan horien bidez, Zinema Euskaraz ekimenak euskara kultur komunikaziorako tresna gisa bultzatu nahi du, eta horren erabilera aisialdian ere normalizatu. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren programak bost bide jorratzen ditu: areto komertzialetako estreinaldiak, DVDak merkaturatzea, aipatutako webguneetako streaming emanaldiak, herrietako aretoetako emanaldiak eta ikastetxeekin egindako lana.