Publizitatea
Itxi

2021/03/01

09:46

Zinema

Goya sariak

Amaia Aberasturi: "Oso pozik nago 'Akelarre'n egindako lanarekin"

Natxo Velez | EITB Media

Bizkaitar aktoreak “Akelarre” Pablo Agüerok zuzendutako lanean Anarena egiteagatik lortu du emakumezko aktore protagonista onenaren Goya sarirako izendapena.

  • Amaia Aberasturi

    Amaia Aberasturi, "Akelarre" filmean. Argazkia: David Herranz.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

“Zigortzaileak” eta “Vitoria, 3 de marzo” pelikulak egin ondoren, Amaia Aberasturi (Gautegiz Arteaga, 1997) aktorearen bizitza errotik aldatu da. Anaren, “Akelarre”ko (2020) emakume gazte libreen taldeko buru karismadunaren, larruan egindako lanak aseta utzi du, bere buruarekin oso zorrotza den arren, eta argia dirudi interpretazio benetan aipagarri horrek bultzada handia emango diola zinemagintzan hartu beharreko bideari.

Harekin hitz egin dugu.

Zorionak izendapenagatik, Amaia! Espero zenuen? Non eta nola jakin zenuen horren berri eta zelan hartu duzu albistea?

Eskerrik asko! Egia esan, ez nuen espero. Aktore berri onenaren atalera ezin nintzen aurkeztu, “Vitoria, 3 de marzo” pelikula egin nuenean izan bainintzen hautagai, eta aktore protagonista onenaren izendapena oso urruti ikusten nuen.

Izendatuen berri eman zutenean, Bartzelonan nengoen lanean, proiektu baterako entsegu batean, eta familiari esan nion adi egoteko baina ez nuela ezer espero. Ahaztu egin zitzaidan, eta lanean aritu nintzen: pasatu ziren hamaikak, hamaika eta erdiak… Eta, bat-batean, telefonoa argia egin eta egin ari zela konturatu nintzen.

Telefonoa hartu nuen, eta agentearen deiak ikusi nituen, gurasoenak, lagunenak… Whatsappa ere beteta nuen, “Zorionak, Amaia” esaten zuten mezuekin. Nik pelikularengatik izango zela pentsatu nuen orduan, baina, nire izendapena eta pelikularen beste zortziak ikusi nituenean, oso-oso pozik jarri nintzen.

Zer garrantzi maila ematen diezu sariei? Pentsatzen duzu horietan?

Tira, ni lanean nagoen momentuan ez dut horretan pentsatzen. Niri lana gustatzen zait, errodatzea, pertsonaia bat sortzea… Baina egia da kasu honetan Goyak edo beste sari batzuek ikusgaitasuna ematen dizutela, eta zentzu horretan bai ematen diet garrantzia. Azkenean, honi esker lan gehiago edukiko badut eta, nahiz eta denok dakigun oso gaitza dela, honetaz errazago bizi ahalko banintz, orduan bai iruditzen zaizkit garrantzitsuak.

Patricia Lopez Arnaiz (“Ane”), Kiti Manver (“El inconveniente”) eta Candela Peña (“La boda de rosa”) dituzu lagun emakumezko aktore protagonistaren sailean. Ikusi duzu haien lana?

Bada, ez. Ez dut ikusi beraien lana. “Ane” zineman ikustera joateko nintzela, herriz herriko konfinamendua etorri zen, eta ikusi barik geratu nintzen. Gero, nire inguruko zinemak itxi zituzten, eta orain ere ezin naiz joan. Ez dut ikusi, beraz.

Beste biak ere ez ditut ikusi. Horietako bat Movistarren dagoela ikusi dut, eta aste honetan ikusiko dut. Dena dela, denak ikusten saiatuko naiz, beraien lana baloratzeko eta zer egin duten ikusteko.

"Akelarre". Argazkia: David Herranz.

2020ko zer film edo antzezpen azpimarratuko zenituzke, zuk ikusi dituzunen artean?

Aurten, konfinamenduaren ostean zinemara joan nintzen lehen aldian “Tenet” ikusi nuen, eta gustatu egin zitzaidan.

Anaren paperak pisu handia du “Akelarre”n, eta denetariko egoerak gorpuztera eraman zintuen: kantatu, tentsio dramatikoa, umore puntuak... Nola landu zenuen pertsonaia Pablo Aguerorekin?

Hasiera batean, Pablok nahi zuen neskak aktoreak ez izatea, baina, zuk esan duzun bezala, Ana oso pertsonaia konplexua da, emozio pilo batetik pasatzen da eta arku handia dauka. Orduan, konturatu ziren oso zaila izango zela aktore izan gabe lan hori egitea.

Castingeko gidoiaren bi orrialdeak jaso nituenean, oso argi eduki nuen nolako izango zen Ana. Otsoa erabili nuen inspirazio moduan: begirada… Anak begirada oso potentea izan behar zuela jakin nuen, eta hori erabili nuen epaiketan, epailea larderiatzeko, adibidez.

"Akelarre". Argazkia: David Herranz.

Asko entzun nuen ere. Eszenan nengoela besteek ziotena entzun, besteen begiradak jaso… Eta komedia puntua nik proposatu nuen. Gidoiak ez zeukan hasieran, baina neska alaia izan behar zela iruditzen zitzaidan, umore puntu hori atera behar zuela nahiz eta bere bizitza jokoan egon.

Nolako harremana duzu zuk egindako filmekin eta zuk bertan egindako lanarekin? Oso zorrotza zara zeure buruarekin?

Lehen gehiago ikusten nituen. Aurreko pelikulak asko ikusten nituen gero, DVDan eta bakarrik, jendea dagoenean lotsatu egiten naizelako.

Eta bai, oso gogorra naiz neure buruarekin, oso-oso gogorra. Baina “Akelarre”n egindako lanarekin oso pozik nago, gustatu egin zait. Egia da hemendik urtebetera berriz ikusten badut zerbait aldatuko nukeela, baina orain oso pozik nago nire lanarekin eta ez dut asko ikusi. Azkeneko aldiz, Zinemaldian ikusi nuen, hiru edo lau bider guztira.

“Akelarre” aurrerapauso handia izan da zure ibilbidean. Ia 45.000 pertsonak ikusi dute filma, Feroz eta Goya sarietara izendatuta zaude, Zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartu zenuten… Zelan bizi izan duzu bizimodu aldaketa hau?

Alde batetik, oso pozik nago. “Akelarre”ko pertsonaia sortzeak denbora pila bat eskatu dit, zaila egiten da, eta gauza hauek guztiek, izendapenak eta Donostian egoteak, errekonozimendua ematen dizu. “Zure lana ondo egin duzue” esateko modu bat da.

Bestalde, bizimodua bai aldatzen da apur bat. Nik egunero lehengo gauza berberak egiten ditut, nire gauzak etxean, nire txakurrekin ibili eta hori dena, baina bizitzaren ikuspuntua bai aldatzen da. Niri ez zitzaidan sekula burutik pasatuko Goyetan zer jantziko dudan pentsatzen egongo nintzela. Tontakeriak dira, baina hala da.

Amaia Aberasturi, Donostiako Zinemaldian. Argazkia: Efe.

Eta disfrutatzen duzu?

Bai, bai. Oraingoz, bai. Ni oso pozik nago. Gustatzen zait nire lanari buruz hitz egitea, dibertigarria iruditzen zait. Eta Goyetan pentsatzen, “Akelarre”ko beste zortzi izendatuekin hitz eginda, denok gaude antzera, ilusio askoz. Denok hartu dugu eskuak zabalik aukera hau.

Nahiz eta gala arraroa izango den, zer asmo dituzu martxoaren 6ko galari begira?

Oso arraroa da dena. Feroz sariak ere atzeratu dituzte, eta Goyen aste berean izango dira. Beldur apur bat ematen du, ez ote den egingo edo data berriz aldatuko dute. Gure lanbidean oso zaila da tarteak aurkitzea. Ni orain proiektu batean lanean hasiko naiz, kanpoan, eta astebetean bi egun libratu beharko ditut. Ez dakit egin ahalko dudan… Apur bat kaotikoa da.

Pena da. Nire lehenengo aldia, eta horrela. Baina horrela izan behar du. Ulergarria da.

 “Akelarre”ren ondoren, “Nora” filmean paper txiki batean ikusi zaitugu. Baduzu beste proiekturik esku artean?

Ilusio handia egin zidan “Nora”ko paperak, parte-hartze txikia izan arren. Emozio eta ilusio handia daude proiektu horretan.

Eta orain beste proiektu batean nago, baina ezin dut ezer esan. Nahiko potentea dela bakarrik esan ahal dut, eta oso pozik nago. Espero dut laster zerbait gehiago esan ahal izatea, eta ea laster hitz egin ahal dugu horren inguruan.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena