Publizitatea
Itxi

2021/03/02

11:15

Zinema

Goya sariak

Bajo Ulloa: "Ezin diot utzi mundua mirarien agertoki handi gisa ikusteari"

Natxo Velez | EITB Media

“Alas de mariposa” filmagatik zuzendari berri onenaren Goya saria irabazi eta 29 urtera, gasteiztar zinemagilea zuzendari onenaren Goya sarirako izendatuta dago “Baby” lanagatik.

  • Juanma Bajo Ulloa

    Juanma Bajo Ulloa, "Baby" filmatzen. Argazkia: Josep Mª Civit.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Juanma Bajo Ulloa zuzendari eta gidoigilea (Gasteiz, 1967) Espainiako Zinema Akademiak banatzen dituen Goya sarietarako izendatuta dago berriz, zuzendari onenaren atalean, “Baby” film aztoragarri, iradokitzaile, ausart eta muturrekoagatik, zeina musika onenaren atalean (Bingen Mendizabal eta Koldo Uriarte) ere izendatuta baitago.

Rosie Day, Harriet Sansom Harris eta Natalia Tena aktoreak protagonista direla, bere umetxoa haurren salerosketan diharduen emagin bati ematen dion ama drogazale bati buruzkoa da “Baby” elkarrizketarik gabeko filma. Damututa, umea berreskuratzen saiatuko da ama, “izutik maitasunera egindako bidaia mingarri eta ederrean”.

Izendapena baliatuta, Bajo Ulloarekin, solaskide elokuente eta beti interesgarriarekin, mintzatu gara.

Zorionak, Juanma! Espero zenuen “Baby”k zuzendari onenaren sarirako izendapena ekartzea? Nola jaso duzu albistea?

Eskerrik asko. Ustekabe moduko batez hartu dut, “Baby” ez delako justu espainiar industriak saritu ohi duen moduko zinema politikoki zuzena. Gainera, urte amaieran estreinatu da, bozketak jada martxan zeudenean.

Horregatik, oso eskertzekoa da gu “lerratu” izana eta Akademiako kideek zinemarako gure grina aintzat hartu izana. 

"Baby"

Zure pelikulek zazpi Goya sari irabazi dituzte, Urrezko Maskorra ere badaukazu… Zer balio ematen diezu zinema munduko sariei?

Norberak ematen dien balioa besteek ematen diotenarekin lotuta dago. Sari batek ez dio obra bati kalitaterik gehitzen eta beti ez dira bidezkoak izaten, baina ateak zabaldu ahal dituzte. Eszeptikoak konbentzitzen laguntzen duten aurkezpen txartelak dira.

Hori bai, nire ama ez da intelektuala, sariak atsegin ditu eta kito, eta esana dit ez itzultzeko etxera saririk gabe.

Estreinatu eta jaialdietatik (Sitges, Seminci…) pasatu eta gero, nola erantzun dute “Baby”ren ikusleek? Zer harreman duzu kritikariek eta publikoak zure lanen gainean ematen dituzten iritziekin?

Babes handiena eta oniritzi zabalena eman didan nire pelikuletako bat izan da. “Baby”ren inguruko gauza benetan politak entzun eta irakurri ditut.

Besteekin partekatzeko kontatzen ditugu istorioak, sentitzen dugun baina nekez adieraz dezakegun hori azaleratzeko. Horregatik, narratzailea publikoarentzat bizi da. Atsegin dut solasaldiak egitea eta ikusleen interpretazioak entzutea. Horien bidez ohartzen naiz zergatik egiten ditudan pelikulak.

Antzeko zerbait gertatzen da prentsa zinematografikoarekin, baina horiek bere burua salatzen duten interesen alde jarduten dute batzuetan.

Juanma Bajo Ulloa, "Baby" filmatzen

Zer helburu izaten duzu pelikula bat estreinatzen duzunean?

Nire publikoa aurkitzea dut helburu, ni epaitu gabe nirekin emozionalki bat egin dezaketen pertsona horiek.

Giza arimaren zitalkeria eta handitasuna eta indarra eta hauskortasuna transmititzea dut helburu. Zerbaitegatik du izena nire ekoiztetxeak Frágil Zinema. Zinema honek inplikazio pertsonala eskatzen dio ikusleari, ia guztia alferrekoa eta ahazteko modukoa denean. Horrek negoziazio eta urrats bakoitzean egiten digu kalte.

“Baby” film pertsonal eta formalki berezia da; ez dauka elkarrizketarik, esaterako. Kostatu zaizu proiektua aurrera ateratzea? Zeri egin behar izan diozu aurre proposamen estilistikoa burutzeko orduan?

Denetariko erresistentziak izan ditu, kateak, jaialdiak eta banatzaileak, nahiz eta salbuespenak dauden; Festival Films, adibidez.

Honezkero, ezohiko zinema egiteko abentura ez da gomendagarria, algoritmoek umetutako eta nagusi den ideologiaren mesedetara jarritako merkatu bat zehazten dute.

Zinemaren fikzioa kaltedunekiko bere kontzientzia garbitzeko erabiltzen duen gizarte bat da, benetako bizitzan horiei ezikusiarena egin arren. Bere burua aurrerakoitzat saltzen duen industria erabat kontserbadorea.

Pelikulak giro ilun eta iradokitzailea sortzen du, baina, aldarte horretan ere, edertasunak bide egiten du. Nola bilatzen da edertasuna mendekotasunak eta pertsonen salerosketa nagusi diren unibertso batean?

Narratzailea baino lehenago, behatzailea naiz, eta ezin diot utzi mundua mirarien agertoki handi gisa ikusteari.

Edertasuna ez dago barnealdean, baizik eta begiradan, eta gure begiradak erabakitzen du ikusten duenarekin liluratu edo samindu. “Baby” bizitzaren eta heriotzaren metafora da, beti beste aukera bat dagoela erakusten digun ipuin itxaropentsua.

Eta itxaropena, putzu sakon baten hondotik ere, ederra soilik izan daiteke.

Bingen Mendizabalek eta Koldo Uriartek egindako musikak lausenguak eta sariak jaso ditu dagoeneko, hala nola Sitgeseko jaialdiko musika onenaren saria eta Goyarako izendapena, besteak beste. Nola landu zenuen arlo hori “Baby”n? Zer eskatu zenien musikariei?

Oso goiz hasten naiz beti musika lantzen. “Baby”ri dagokionez, filmatzen hasi baino urtebete lehenago (2018ko azaroan) hasi zen Koldo ideia bidaltzen.

Nire pelikula ia guztietan egin dut lan Bingenekin, eta berak bazekien zer eskatuko nien: arima nire eskuetan uzteko. Horrekin jantzi behar zituzten nire pertsonaiak: bere izaerarekiko harremana galdu duen ama adiktoa, ume eder eta tragikoa, eta familia bitxi, zauritu eta beldurgarria.

Pelikulen “erabilera bulimikoa” dagoela esan duzu, irentsi, kanporatu eta aztarnarik uzten ez duten pelikula gehiegi daudela. Zer pelikulak utzi dizute zuri arrastoa ikusle bezala 2020. urtean?

Mendebaldeko gizartean, geure buruarekiko eta gure ekosistemarekiko jatorrizko konexio naturala aldatu dugu, “aurrerapena”ren izenean, gero eta sofistikatuagoa den konexio baten truke.

Horrela, pantaila birtualei lotuta amaitu dugu, umeak ere nahasten dituen eta Sistemarentzat oso baliagarria den mendekotasun unibertsal batean.

Horregatik bultzatzen da erraz kontsumitzen dena, aztarnarik uzten ez duen eta eztabaidarik sortzen ez duena. 2020an, arrastoa utzi duen pelikula pantailetatik at zegoen, eta bigarren zatia du 2021 honetan.

"Baby"

Baduzu zerbait aurreratzerik esku artean dituzun proiektuen gainean?

Proiektu berriak abiatzen saiatzen ari gara. Bata “Muerte mortal (al borde del límite)” zorakeria da, azaltzeko absurdoegia. Bestea “El Mal” izeneko thrillerra da, gure ezinbesteko alde iluna onartzeko gaitasunik ezean sakontzen duena.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena