Itxi

Zinema

heriotza

Jean-Paul Belmondo, frantziar zinemako izar nagusietako bat, zendu da

AGENTZIAK | EITB MEdia

"Nouvelle Vague" mugimenduko ikurretako bat zen Belmondo, eta zinemagile handienekin lan egin zuen, hala nola François Truffautekin eta Jean-Luc Godardekin.

1:2
Jean-Paul Belmondo.

Jean-Paul Belmondo frantziar aktorea, herrialde hartako zinemaren izar distiratsuenetako bat, zendu da astelehen honetan, 88 urte zituela, Michel Godest haren lagun eta abokatuak iragarri duenez.

Belmondo "lasaitasun handiarekin itzali da", Godestek azaldu duenez, eta heriotza "Frantzia osoarentzat galera handia" dela gaineratu du.

Aktorea "A bout de souffle" (1960) filmarekin egin ezagun, eta "Nouvelle Vague" mugimenduko maisu handienekin egin zuen lan harrezkero, hala nola Jean-Luc Godard, François Truffaut, Louis Malle eta Claude Chabrol zinemagileekin.

Garai hartan, besteak beste "La Sirene du Mississipi", "Une femme est une femme" eta "Le voleur" filmetan hartu zuen parte.

Urteek aurrera egin ahala, seduktore eta abenturazale lotsagabe paperak egin zituen batik bat. Akzio eszenak berak egiten zituen, ez ordezko aktore batek.

Guztira, 92 filmetan aritu zen, azkenekoz 2009an, "Allons-y! Alonzo!" film laburrean.