Itxi

Zinema

Cartoon Movie

Euskal animazioa, babes bila Bordelen

N. V. | EITB Media

"Black is Beltza II" Fermin Muguruzaren filma, "Sultana's Deam" Isabel Herguerarena eta "Unicorn Wars" Iván Miñambres bilbotarrak ekoitzitako pelikula Cartoon Movie koprodukzio foroan parte hartzen ari dira.

  • "Sultan's Dream" Isabel Hergueraren filma da proiektu aukerauetako bat

    "Sultan's Dream" Isabel Hergueraren filma da proiektu aukerauetako bat

Cartoon Movie animazioaren europar industriaren Bordeleko koprodukzio foroak hiru euskal proiektu aukeratu ditu, aste honetan bertan parte hartzeko. Gaur, ostegunarekin, bukatuko da topaketa.  

Fermin Muguruzak (Irun, 1963) "Black is Beltza" (2018) bere pelikularen bigarren zatia aurkeztuko du jendartean azokaren azken jardunaldi honetan.

"Black is Beltza II: Ainhoa"ren protagonista ez da Manex Unanue izango, baizik eta Ainhoa, Manexek Amanda Tamayo kubatar iraultzailearekin eduki zuen alaba, eta joan den mendeko 80ko hamarkadan egongo da girotuta EITBren parte-hartzea duen filma.

"Orain, berak hartu du oinordetzan bidaiatzeko gogo hori, munduko toki ezberdinetan gertatzen ari dena ulertzen saiatzeko tema, lekuko gisa jasotzen ari den gertakarietan parte hartuz, gainera", azaldu du musikari eta zinemagileak.

Bigarren zati honetan ere, izen handiak izango ditu Muguruzak alboan, protagonistei ahotsa ipintzeko: Antonio de la Torre, Ariadna Gil eta Itziar Ituño, adibidez.

"Sultanas's Dream"

Bestalde, Isabel Herguerak "Sultana's Dream" bere lehen film luzea aurkeztu du Bordelen, EITBren parte-hartzea duena.  

Roquia Sakhawat Hussain benglar idazleak 1905ean idatzi zuen liburu bat da pelikularen abiapuntua, "Sultanaren ametsa". Herguera berehala maitemindu zen utopia feminista horrekin: "Mundu errotik ezberdina du kontagai: emakumeek dute finantzen eta politikaren kontrola, baita, are garrantzitsuagoa dena, zientziarena eta hezkuntzarena ere, eta gizonak konfinatuta bizi dira".

"Unicorn Wars"

Cartoon Movien laguntza bila ari den hirugarren euskal proiektua "Unicorn Wars" da, Alberto Vazquez galiziarrak zuzendu eta Iván Miñambres bilbotarrak ekoitzi duen istorioa.

Gainerako bi filmek bezala EITBren babesa duen filmak gerrako eta fantasiazko generoak eta umorea uztartzen ditu, eta hartz txikien eta unikornioen arteko gerra batean dago kokatuta.